2.470 liztor beltz harrapatu dituzte udaberriko tranpatze kanpainan

Hasier Larrea 2021ko mai. 13a, 16:47

Aurten 39 tranpa jarri dituzte, iaz baino 25 gutxiago: "Selektiboagoak izan gara tranpak jartzerako orduan, eta botila formako sistema aitzindari bat erabili dugu", diote Udaletik. Hemendik aurrera bete-betean jarriko dira liztorren habiak kentzen.

Martxoaren 1etik apirilaren bukaerara luzatu da aurtengo liztor beltzaren kontrako tranpak jartzeko kanpaina, eta 2.470 liztor beltz harrapatu dituzte. Xabier Herrarte udal langilearen arabera, "udaberri honetan eguraldi eta tenperatura aldaketa handiak izan ditugunez, iaz baino emaitza kaxkarragoak utzi ditu".  Iaz jarritako 64 tranpen aldean, 39 baino ez dituzte jarri aurten, "iaz erabilitako tranpa sistema ez zelako batere selektiboa, eta ondorioz, bertako espezieen iraunkortasuna zalantzan jartzen zuelako.

Oraingoan iazko habien kokapena kontuan hartuta mapa bat osatu eta gune horietan indartu dute tranpatzea. Gainera, aurten berrikuntza bat jarri dute martxan, EAE osoan aitzindariak izanik: "Selektiboa den tranpa berri bat merkaturatu dute, eta honen eraginkortasuna Arrasaten esperimentatu eta egiaztatu dugu", dio Herrartek, eta gehitu du zenbait herritar konturatuko zirela bi tranpa mota desberdin egon direla zuhaitzetan zintzilikatuta: "Bata aurreko urteetan erabili izan duguna, azpialdean zuloa duen tranpa borobila, eta bestea, botila formakoa".

Botila formako tranparen berezitasuna da bakarrik liztor beltza sartzeko diseinatuta dagoela: "Behin barrura sartuta ez du irtetea asmatzen. Gainontzeko intsektuak, handiagoak direnak, ez dute sartzeko aukerarik, eta txikiagoak direnak, berriz, irteteko beste ataka batzuk dituzte".

Orain, habiak kentzera

Hemendik aurrera bete-betean sartuko dira liztorren habiak kentzen. Lehenik eta behin lehen mailako habiak kenduko dituzte, "teniseko pilotaren tamainakoak, gutxi gorabehera". Ekainetik eta uztailetik aurrera, berriz, bigarren mailakoak kentzen hasiko dira: "Zuhaitzetan egoten dira normalean, eta horiek pilota baten tamainatik hasi eta ezagutzen ditugun baloi formako bola handiak osatzera iristen dira.

Urri aldera helduko dira liztor koloniak puntu gorenera. Une horretan 2000 eta 2500 liztor bizi daitezke habian: "Orduan jaioko dira hurrengo erregina berriak; hori gertatu aurretik izango litzateke eraginkorrena habia deuseztatzea".

Herritarren laguntza, "ezinbestekoa"

Udazken erdialdetik aurrera, eraginkortasuna gutxiagotuz joango litzateke, "nahiz eta beti den garrantzitsua habiak identifikatu eta ahal den neurrian kentzea". Horretarako, urtero bezala, herritarren laguntza eskatu eta eskertu dute Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak