Aniztasunaren Astea antolatu dute maiatzaren 16tik 22ra, gaiaren orotariko ertzak ikusarazteko

Hasier Larrea 2021ko mai. 12a, 12:17

Hitzaldiak, argazki erakusketa, ipuin kontaketa, mahai ingurua, bideoen proiekzioak eta 'Munduko arrozak' egitasmoan parte hartzeko aukera egongo da, maiatzaren 21ean ospatzen den Aniztasunaren nazioarteko egunaren harira. Aurten Udalak bost eragilerekin elkarlanean gauzatu du egitaraua.

SOS Arrazakeriak, IMME-k (Euskadiko Emakume Musulmanen elkartea), Ekin Emakumeak-ek, Goyeneche fundazioak eta AMS-k ondu dute aurten, Arrasateko Udalarekin bat eginez, maiatzean zehar antolatu ohi duten aniztasunaren inguruko egitaraua. Aurten astebeteko iraupena izango du, eta kultura, hizkuntza eta aniztasun funtzionala ekarri nahi izan dute erdigunera. Hona hemen egitaraua:

  • Maiatzaren 16an, 11:00etan, Como conseguir la residencia por arraigo hitzaldia eskainiko du SOS Arrazakeriak Emakume Txokoan. Lege aldaketa egon denez, horixe bera azalduko dute.
  • Maiatzaren 17tik 22ra, Zubiak eraikitzen argazki erakusketa jarriko dute Kulturateko klaustroan, AMS eta Goyeneche fundazioaren eskutik. Aniztasun funtzionalari buruzko galeria izango da.
  • Maiatzaren 17an, 17:30ean, aniztasun funtzionalaren inguruko hitzaldia egongo da Kulturateko areto nagusian, argazki erakusketaren inaugurazio gisa.
  • Maiatzaren 20an, 18:00etan, Txanogorritxuren ipuin kontaketa egingo dute, frantsesez, Jokin Zaitegi aretoan, eta gero euskaratu egingo dute, hizkuntza aniztasunaren gaia jorratzeko.
  • Maiatzaren 21ean, 18:00etan, IMME elkarteak eta Ekin elkarteak bideo bana aurkeztuko dute, Bi lurralderen artean izenburupean. Ondoren mahai ingurua egingo dute.
  • Maiatzaren 22an, 10:00etik 14:00etara, Munduko arrozak egitasmoa aurkeztuko dute Sebero Altube plazan. Aurten mugatuta egongo da: platerak ezingo dira elkarbanatu, baina munduko errezetei argazkia atera eta sukaldariekin hitz egiteko aukera izango du jendeak, zirkuitu itxurako formatuan. Hamar elkarte inguru egongo dira bertan, lau pertsonako taldetan banatutan.

Ikusgarritasuna helburu

Oihana Garate Arrasateko Udaleko aniztasun teknikariak adierazi du aniztasun kontzeptuaren ertzak azaleratzea dela bilatzen dutena, "aniztasun kulturalari sostengua emanez, baina baita aniztasun funtzionala eta hizkuntza aniztasuna aintzat hartuz". Modu horretan "kontzientziazioa" sustatzen dela gaineratu du, bizikidetzari bidea emanez.

Maitane Muñoz gizarte arloko zinegotziak, bere aldetik, "inklusioa Udalarentzat oso garrantzitsua" dela aipatu du: "Arrasaten %7 inguruk osatzen dute kanpoko jatorriko biztanleria. Aniztasunaren astea antolatzea apustu bat da guretzat, bost eragilerekin batera egindako lanketa. Jendea gustura sentitzea da garrantzitsua, espazioak, ibilbideak eta esperientziak partekatzeko. Pandemiagatik zailago den arren, aurrera egin dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak