"Disko bat ateratzea beti da pozgarria, eta bizi dugun garaian bikoitza da poztasuna; jasotzen ari garen iritzien arabera, gustatzen ari da lana", diote taldekideek. Arrasatekoen bigarren lana online eskura daiteke, Thepotes6@gmail.com helbidera eskaera eginda, eta baita eskualdeko hainbat tabernatan ere: Iratin (Arrasate), Urbaltzen (Aretxabaleta), Inkernun (Eskoriatza), Arranon (Bergara) eta Ikatzen (Oñati).
Prozesu luzea eta emankorra
Itxialdian osatu zituzten kantuak; entsegu lokalean grabatu zuten zati handiena, eta, ondoren, Haritz Harreguyren estudioan bateria eta baxua; Harreguyk nahastu du, eta Kataluniako Ultramarinos-en masterizatu.
Aurrekoarekin alderatuz "lan helduagoa" dela diote The Potes-ekoek: "Lasai eseri eta gehiago landu ditugu abestien melodiak eta egiturak. Zazpi lagun gara taldean: Ibai Lakuntza (baxu-jolea eta ahotsa), Igor Sala (akordeoia eta teklatua), Asier Sala (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Beñat Abasolo (banjoa), Josu Romeo (gitarra akustikoa eta ahotsa), Julen Zabaleta (gitarra akustikoa) eta baterian, ni; beraz, zazpi errealitateren batura da The Potes. Doinuei dagokienez, oinarrian, rock-and-roll tradizionala da, melodietan folk eta pop ukituak sumatzen badira ere. Kolaborazio asko izan ditugu, gertuko lagun askoren ahotsak daude; horien artean, Never Surrender taldeko Pottoko-k, esaterako, Zein bakarrik zauden kantuan abestu du, eta Huntzako Aitor Huizik biolina jo du Musikaren magia-n".
Hitzei begiratuta aurrerapausoa egin dutela dio Altubek, kantu guztiak euskaraz sortuta: "Gure aspaldiko gogoa zen hori. Gaiei begiratuta, denetarikoak daude, pertsonalagoak batzuk eta orokorragoak beste batzuk".
Zuzenekoetarako, "indartsu"
"Gogor eta gogoz" ari dira entseatzen. "Oso indartuta gaude. Talco taldearekin Gasteizko Iradier Arenan maiatzaren 22an egingo dugun kontzertua punch handia da guretzako. Kulturabizia.eus atarian eros daitezke sarrerak. Etxe inguruan ere ari gara lotzeko ahaleginetan".