Udaltzainek gaztelaniaz egiten jarraitzen dutela salatu du EHE taldeak

Eneko Azurmendi 2021ko api. 26a, 14:13

"Euskaraldia bukatu zen, eta, tamalez, gauzak ez dira batere aldatu. Beste behin, argi geratu da Euskaraldia haientzat ez dela ekintza sinboliko bat besterik izan, haien burua herriaren aurrean zuritzeko modu soil bat. Udaltzainek gaztelaniaz hitz egiten jarraitzen dute, Euskaraldiaren aurretik egiten zuten bezalaxe", adierazi dute ohar bidez.

Arrasateko Euskal Herrian Euskaraz taldeak udaltzain batzuek lanorduetan darabilten hizkuntzaren inguruko eztabaida berpiztu gura du. "Udaltzainak udal-langileak diren heinean, ezinbestekoa da baldintza minimo batzuk betetzea". Langile ororen kalitatea neurtzeko orduan, azaldu dutenez, irizpide garrantzitsua da hizkuntza. "Euskaraz aritzea ez da bigarren mailako kontua, funtsezkoa baizik. Langile publikoak dira, zerbitzu publiko bat ematen dute eta kalean (hau da, esparru publikoan) egiten dute lan; horrek ardura bat dakar berekin".

Gaineratu dutetenez, udaltzain lanpostua lortzeko "ezinbestekoa" dela gutxieneko euskara maila bat bermatzea. "Beraz, argi esan dezakegu hautu bat dela lanorduetan erreferentzia-hizkuntzatzat gaztelania izatea. Ez da zintzoa askatasunari buruz aritzea hizkuntza-hautuari dagokionez, ezin baita esan udaltzainek aske izan behar dutenik nahi duten hizkuntzan aritzeko lanean ari diren bitartean. Askatasun hori beti da onuragarria pertsona berentzat, eta norbaiten askatasunak beste batena zapaltzen duen momentuan, askatasun izateari uzten dio".

"Lehen hitza euskaraz jaso behar dugu"

Euskara hizkuntza "zapaldua" dela argudiatuz, adierazi dute euskaldunen eskubideak ez daudela bermatuta eta, ondorioz, udaltzainek lanorduetan erreferentziazko hizkuntza gisa gaztelania izatea herritarren eskubideen urraketa bat dela. "Bestalde, ez dauka inongo zentzurik euskararen aldeko ekintzetan parte hartzeak eta herriaren aurrean euskararekiko konpromisoa hartzeak, Euskaraldian kasu, gero ez betetzeko", aldarrikatu dute.

Horregatik, "benetako konpromisoa" nahi dute, benetako aldaketa. "Beharretik sortutako eskaera da hau, gure eskubideak bermatzea ezinbestekoa baita. Lehen hitza euskaraz jaso nahi dugu; lehen hitza euskaraz jaso behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak