Berrasmatu eta egokitu, praktikatzen jarraitzeko

Eneko Azurmendi 2021ko api. 22a, 20:20

AEDren baitako Zahar-Berri mintzapraktika egitasmoa modu berriak aurkitzen ari da hilabetean behin egiten dituzten saioekin jarraitzeko eta, pandemia garaian, kultura ekitaldiak egiten ari dira gehienbat, hitzaldiak, ipuin kontaketak, antzerkiak eta abar.

Nerea Zugasti Zahar Berri egitasmoaren Arrasateko dinamizatzaileak argi azaldu du: "Gure lana berrasmatzen ari gara. Azken batean, gure ekintza ohikoenak txangoak izaten ziren lehen eta orain ezin ditugu egin".

AEDren baitan dagoen mintzapraktika egitasmoa da ZaharBerri eta, gaur egun, 80 bat pertsona ari dira mintzapraktika egiten Arrasaten, 16 taldetan banatuta. "Talde bakoitzak bidelagun bat dauka, gehienetan euskaldun zaharra izaten dena eta horrek kudeatzen du taldea, euskara ikasten ari den jendearekin. Bidelagunak eta bidelariak moduan ezagutzen ditugu guk", adierazi du Zugastik.

Tabernatik paseora

Pandemia hasi aurretik, normalean, astean behin elkartzen ziren talde hauek, "kafe bat hartuz, ordubetez euskaraz hitz egin ahal izateko. Badaude beste gauza batzuk egiten dituzten taldeak ere, mendi irteerak edota paseoak, baina gehienak kafe baten bueltan elkartu izan dira orain arte", dio Zugastik. Horixe bera aitortu du Susana Alonso bidelariak ere. "Hasieran, kafe bat hartzeko geratzen ginen, baina pandemia dela eta, taldearekin paseo batzuk ematen hasi gara eta pozik nago".

Mintzapraktikaren garrantziaz

Alonsok azpimarratu du, esperientzia berri bat izateaz gain eta jende berria ezagutzeaz gain, euskaltegitik kanpo euskaraz berba egiten ausartzeko aukera eskaintzen diola mintzapraktikak. "Normaltasun baten barruan egoten gara eta hori ere behar da hizkuntza bat ikasteko, inportantea da. Izan ere, euskaltegiarekin bakarrik ez dugu lortzen euskaraz hitz egiterik".

Mintzapraktika gauzatzeko funtsezko betekizuna da bidelagunarena, eta Hirune Iribecampos da horietako bat. "Lagundu egiten diegu ikasgelan ikasten duten hori ikasgelatik kanpo praktikan jartzen, kalean edo bestelako espazio ez formaletan. Ez da euskara formala. Zerbait gaizki esaten badute, guk erantzuten diegu zuzen ikusten dugun moduan, errepika dezaten eta ikas dezaten, baina era informalagoan", azpimarratu du.

Ateek zabalik jarraitzen dute

Zugastik gogorarazi du, betiko moduan, ateak irekita dituztela eta mintzapraktika egiteko interesa dutenek hiru bide dituztela izena emateko: AEDk Pablo Uranga kaleko 4. atarian duen egoitzara gerturatu, 695 78 68 52 telefonora deitu (Maitena) edota zaharberri@aedelkartea.eus helbidera idatzi.

Nerea Zugasti, Zahar-Berri egitasmoaren Arrasateko dinamizatzailea: "Euskara ikasten ari den horri, euskaltegietatik irten eta, modu informalago batean, espazio bat eskaintzen dio ZaharBerrik, euskara batuan edota euskalkian lasai hitz egiteko, inongo presiorik barik. Askotariko profilak ditugu, eta edozeinek hartu dezake parte gurean".

Susana Alonso, bidelaria: "Txikitatik dakit euskaraz, baina ia beti gaztelaniaz egin izan dut eta ez nintzen ausartzen euskaraz egiten. Mintzapraktikari esker, ez dut lotsarik. Gehienok gaude egoera berean eta, alde horretatik, oso lagungarri egiten ari zait. Beti dago norbait laguntzeko prest".

Hirune Iribecampos, bidelaguna: "Nik etxean dohainik jasotakoa eskaintzen diet ikasleei, eta iruditzen zait, euskarak aurrera egitea gura badugu, normalizatu egin behar dugula eta askotariko espazioetan euskaraz aritzeko aukera eman behar diegula euskara ikasten ari diren horiei guztiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak