'Ekobulebar'-aren lehen fasea eginda dago jada

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 11a, 14:55

Etxaluze eta Maala arteko Ekobulebar-a egiteko lanen lehen fasea bukatuta dago, Udal Gobernuak azaldu duenez; Nafarroa Etorbideko autobus geltokia, Mondragon hotelaren ondokoa, ia amaituta dago eta Zalduspeko geltokia egiten ere hasiak dira.

2020ko azaroaren 18an hasi zituzten Ekobulebar-a egiteko lanak eta Udal Gobernuak jakinarazi duenez, lehen fasea bukatuta dago dagoeneko. Gaurgaurkoz, Garibai eta Nafarroa Etorbideetan eta Grupo San Juanen eta ibaiaren arteko eremuan ari dira lanean.

Udal Gobernuak dio proiektu estrategikoa dela Ekobulebar-aren egokitzapena, herritarren ongizateari zuzenki eragingo diola argudiatuz: "Arrasatearren mugikortasuna errazteaz gainera, irisgarritasuna hobetuko du. Gainera, efizientzia energetikoa barneratua du proiektuak, herri jasangarriago eta atsegin baterantz aurrerapausoak emanaz".

Ur-parkea, ekainerako martxan

Garibai etorbideako 16.atartearen inguruan (Villa Amparo), urbanizazioa berritu eta bi ur-jolas eremu egokituko dituzte eta lan horien oinarriak eginda daude. Hala, eremu hori ekainerako bukatzea aurreikusten dute.

Ur-parkea izango denaren oinarria eginda dago.

Horrez gain, Garibai etorbideko 16.atartearen eta errepidearen arteko tartea oinezkoentzako erabilgarri dago, Aldai parketik jaisten diren eskaileratako zebrabideraino (Garibai, 21). Era berean, Grupo San Juan eta ibaiaren arteko kaleko lanak ere ekainerako bukatuko dituzte "eta jarraian helduko zaio Zaldibar aldera doan kalea berritzeari".

2022ko maiatzerako, bukatuta

Nafarroa Etorbideko bus geltokia egokitzeko lanak amaitzear dira, "hiri-altzarien faltan" eta, otsailaren 24az geroztik, Zalduspeko bus geltokia egiteko lanak ere martxan daude. "Esparru berriak behin-behineko bus geltokia izango du aurrealdean, eta atzeko aldean parking bat egokituko da gaur egungo aparkaleku kopurua bermatzeko". Lanek bi hilabete inguru iraungo dute eta Zaldusperi amaiera ematearekin batera, Maalako biribilgunearen eta Biteri kalearen arteko lanak hasiko dituzte, baita Kontzezino-Garibai-Biteri eremukoak ere. Lanak 2022ko maiatzerako amaitzea aurreikusten du Gobernuak.

Nafarroa Etorbideko autobus geltokia ia amaituta dago.

Zalduspeko geltokia egiteko lanak martxan daude, otsailaren 24tik.

Aldaketekin, %10 merkeago

Hasierako proiektuan "hainbat hobekuntza-lan" txertatu ditu Gobernuak, "hala nola, Biteriko estatua ez da tokiz aldatuko, Grupo San Juaneko eraldaketa auzotarrekin adostuko da aurrerago, Jose Maria Eguren plaza kanpoaldeko kalea berrituko da edota Zalduspeko behinbehineko autobus geltokiaren kokapena" eta proiektua egokitzeak lanen kostua %10,03 merkatu duela azpimarratu du. "2020ko azaroaren 5ean osoko bilkurak 1.729.079,97 euroko prezioan esleitu zizkion lanak Construcciones Moyua S.L. enpresari (BEZ gabe). Orain, kontratuan barneratutako egokitzapen lanekin, 1.555.739,34 euroko prezioa onartu da (BEZ gabe)".

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak 80.000 euroko dirulaguntza eman dio Arrasateko Udalari ‘Etxaluze-Maala Ekobulebarra egokitzeko proiektu teknikoa’ osatzeko.

EH Bildu: "Ezjakintasun handia dago"

EH Bilduk berretsi du proiektu "zaharkitua" dela eta esparru publikoa pertsonentzat berreskuratu behar dela, hirigintza horren zerbitzura jarriz. Halaber, proiektuaren gainean "ezjakintasuna" dagoela ere azpimarratu du. "Sinesgaitza bada ere, udaletxe barruan gaudenok ez dakigu. Nola jakingo dute orduan Arrasatearrek?".

Hori dela eta, galdera batzuk airean daudela gaineratu du: "Garibai etorbidea eta Biteri kalea autobusendako biribilgune erraldoiaren parte izango dira ala oinezkoentzat berreskuratuko genituzke? Arrasatek bus geltoki moderno estalia merezi duela onartu zigun udal gobernuak, funtsezko azpiegitura dela. Udal gobernuak zeozer egin behar du? Landu behar da gaia? Elkarrekin? Iturbide egoitzarentzat espazioa irabaziko genuke, lorategi eder batekin? Asfalto-gorri zati bakanduetatik harago, ganorazko bidegorri sare osoa atonduko litzateke?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak