Pertsona migratzaileen harrera eta gizarteratzea bermatzea helburu

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 10a, 14:29

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren gidaritzapean osaturiko 2020-2023 Bizikidetza Planaren berri eman du Arrasateko Udalak. 22 ekintzak osatzen dute plana eta horiek hiru esku-hartze esparrutan banatu dira, "diskriminazio motaren arabera". Gaurko prentsa agerraldian emandako datuen arabera, Arrasateko atzerritarren tasa %8 ingurukoa da gaur egun.

Arrasaten azken urteotan nabarmen hazi da pertsona etorkin eta atzerritarren kopurua. Joera "aldakor" horri erreparatuz eta Immigrazioaren, Herritarren eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Estrategiaren ildoei jarraiki, Arrasateko Udalak "lehentasunezkotzat" jotzen du migratzaileekiko berdintasuneko tratua lortzeko lan egitea, "gizarte kohesioaren aurkako erasoak zein aurreiritzi eta estereotipoek elikatzen dituzten diskriminazio eta xenofobia amaitzeko".

Hain zuzen ere, horretarako sortu du Bizikidetza Plana, "Arrasaten immigrazio eta elkarbizitza esparruan esku-hartzeko ardatz nagusiak, ekintza politikorako proposamenak eta lanerako gida jasotzen dituena".

Maitane Muñoz Gizarte Ongizate zinegotziak nabarmendu du tratu berdintasunaren eta arraza, etnia edo jatorria dela eta diskriminaziorik ez egitearen aldeko borrokak garrantzia berezia hartzen duela. "Etorkizunean gizarte justuago, kohesionatuago eta desberdintasun sozial gutxiagoko bat irudikatu eta bide horretan aurrera egin nahi badugu, berau osatzen duten kideen arteko mugikortasun bertikala sustatu behar dugu". 

Diagnosi estatistiko eta kualitatiboa

Plana osatzerakoan, diagnosi estatistiko zein kualitatiboa egin dute, besteak beste, Arrasateko immigrazioaren egungo egoera eta horien gizarteratze prozesuen inguruko gakoak ezagutzeko (diagnosi estatistikoa) eta azken urteetan Arrasaten immigrazio eta elkarbizitza alorrean egindako herri ekimen zein ekintzak jaso eta horri loturiko gabeziak identifikatzeko (diagnosi kualitatiboa). Azken horretan, gainera, herrian immigrazioaren inguruko errealitatearen ezagutza duten eragile zein pertsona etorkinak elkarrizketatu eta eztabaida talde bat osatu zuten.

Atzerritartasun tasa % 8 ingurukoa

Azaldu dutenez, azken datuen arabera, 2018. urtean Arrasaten atzerritar nazionalitateko 1.488 pertsona zeuden, eta kopuruak bilakaera "esanguratsua" izan du. "Izan ere, 1998. urtean soilik 101 ziren, 2008rako 720ra igotzen da horien kopurua eta 2018ra bitartean bikoiztu egiten da". Atzerritartasun tasa, gaur egun, %8 inguruan dagoela gaineratu dute.

Jatorriei erreparatuta, erdialdeko eta hegoaldeko Amerika da jatorri nagusiena Arrasaten, nagusiki Kolonbia eta Honduras –atzerrian jaiotakoen %46,6 osatzen dute horiek–. Bestalde, magrebtarrek %17,8 dira eta asiarrak % 16,3. Lehen multzoko gehienak marokoarrak eta Mendebaldeko Saharakoak dira bigarren multzoko gehienak, berriz, pakistandarrak.

22 ekintza, hiru esku-hartze esparru

Euskoiker Fundazioak idatzi du plana eta Ikuspegiko ikertzaileen eta Arrasateko Udalaren arteko bitartekari lanak egin ditu. Arrasateko immigrazio eta elkarbizitza esparruan ekintza politikoaren etorkizunerako ardatzak eta gizarte sarearekin ekintza eta jarduketarako ildoak jaso ditu planak eta 22 ekintza ditu, hiru esku-hartze esparrutan banatuta, "diskriminazio motaren arabera":

  • Diskriminazio instituzionala: berdintasuneko tratu instituzionala bermatzeko ekintzak dira hauek eta planak jasotzen dituen 22 ekintzetatik bost aurreikusi dituzte esparru honetan.
  • Diskriminazio estrukturala: alor honen baitan, sozializazio prozesu orokorrekin loturiko ekintzak jaso dira eta herriko zein euskal gizarteko gizarte egituretan eragitea dute helburu, Arrasateko bizilagunen arteko aukera eta tratu berdintasuna bilatuz (hamaika ekintza).
  • Diskriminazio interpertsonala: jatorri eta/edo arbaso atzerritarrak dituzten pertsonekiko aurreiritzi eta estereotipo negatibo eta faltsuei aurre egiteko bultzatu nahi diren ekintza desberdinak biltzen dira hemen. Jarduera horiek jarrera, alderdi afektibo eta portaerari dagozkionak aldatzeko aspektu kognitiboak lantzera bideratuta daude (sei ekintza).

Funtsezko sektoreetan eragitea gura dute

Planaren bitartez, gizartearen funtsezko sektoreetan eragitea gura du Udalak, hala nola, udaleko pertsonal tekniko zein politikoan, tokiko komunikabideetan, hezkuntza komunitatean, gizarte sarean (elkarteetan) eta gizartean, oro har, "horien guztien hausnarketa, sentsibilizazioa eta jarrera positiboa landuz eta bultzatuz".

Elkarlanean osaturiko plana

Planaren garapenean parte hartu dute Arrasateko Udaleko Aniztasun teknikariak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, gizarte langileak, Arizmendi Ikastolako irakasleek eta Lanbide Heziketako zuzendariak, Erguin Herri Eskolako ikasketa buruak, Lanbideko orientatzaile zein langileriak, Gurutze Gorriko gizarte langileak, Caritaseko apaizak, Ekin Emakumeak elkarteak, IMMEk, Activos por un Mundo Solidario elkarteak eta SOS Arrazakeriakek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak