Aurreikusitakoa baino gehiago luzatu dira lanak. "Gehienbat pandemiagatik, obra geldi egon baitzen hilabete batzuetan. Bestalde, eraikinak daukan monumentu izaera dela eta, baimen asko eskatu behar izan dizkiogu Aldundiari eta horrek ere atzeratu ditu lanak eta lurzoruaren kutsatze maila ere aurreikusitakoa baino handiagoa zen. Hori dela eta, obraren epea luzatzea da gaurko osoko bilkurako puntuetako bat, otsailean bukatzen baitzen. Behin behinean, urriaren 1era arte, baina agian beste luzapen bat egin beharko dugu, urte amaierara arte".
Monumentu historiko izaera
Ondare aldetik, izan dezakeen izaera gorena dauka eraikinak, monumentu historiko izaera –eliza edo katedral batek daukana, esaterako–. "Luis Astiazaran arkitektoak diseinatu zuen 1939an eta garai hartarako, aitzindaria izan zen. Denboran zehar egiten joan diren esku-hartzeen ondorioz, tipologia originala aldatuz joan da eta zaharberritze honetan, saiatu gara hori berreskuratzen. Berezitasun nabarmenetako batzuk dira hormigoizko estruktura, beirateen konposizioa, sabai-leihoak eta abar", azaldu du arkitektoak.
Hori dela eta, erlojua, esaterako, konpondu egingo dute eta Kulturola izena ere tipologia originalarekin egingo dute, Union Cerrajerak zeramana, hain zuzen. Eskailera originala ere mantendu egingo dute eta beste eskailera bat ere egin dute beste aldean. Azkenik, sarrerako atea eta argiak ere ez dituzte kenduko.
Energiari dagokionez, efizientea
Dituen 24 sabai-leiho horiei esker, besteak beste, "oso eraikin argitsua" da, argi asko sartzen da egun guztian zehar eta lokalak, gainera, eraikinaren perimetro guztian jarri dituzte, "argia gehiago aprobetxatzeko". Bestalde, leihoak ere "oso bereziak" dira, "merkatuan aurkitzeko zailak direnak".
Horrez gain, guztiz jasangarria izango dela azaldu du alkateak. "2018koa da proiektua eta energia berriztagarriak urte gutxitan asko hobetu dute. Beraz, aprobetxatu dugu azken teknologiak jartzeko. Efizientzia energetikoari dagokionez, erreferente izango da Arrasaten eta baita bailara mailan ere".
Hala, energia aurrezteko sistemak izango ditu eraikinak argiterian, ur txorrotetan eta abar. "Eraikin guztiak led argitergia izango du, aerotermia sistema, eta 85 plaka fotovoltaiko ere bai", dio Martinez Sierrak.
Solairuak, taldeen beharren arabera
Solairu bakoitzak ezaugarri ezberdinak dituenez, horren arabera antolatu dute taldeen kokalekua ere. Beheko solairua altuena da eta altuera behar duten taldeetako batzuk jarri dituzte hor. Hauek dira beheko solairua erabiliko duten taldeak: Izaskun Murgia elkarte lirikoa, Loixe Zeramika, Zaldibar futbitoa, konpartsak eta SUDC eta Santamas komisiñuak erdibana lokal bat.
Lehen solairuan udal euskaltegia, margo taldea, bertso eskola eta Doke egongo dira.
Bigarrenean, Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaiz dantza taldeak, trikitixa eskola, Portaloi taldea, Udalaxpe txistulariak, Sambamaña, Txorbela, Ttakun Txalaparta eta Gaiteroak.