Andoni Orobengoa: "Mendian zabor bat batzen badut, ziur nire atzetik datorrenak ez duela ikusiko"

Xabi Gorostidi 2021ko mar. 1a, 18:08

Urteak daramatza mendira doan bakoitzean bidean ikusten dituen hondakinak batzen; inori ezer leporatu gabe. Baina bere ahalegin hori nahikoa ez dela ikusita, mendiak garbi mantentzearen beharraz kontzientziatzeko pausoa eman du. Garbi eta ibilaldi hitzak nahastuz gero Garbilaldi sortzen da, eta izen hori jarri dio jendartean hedatu nahi duen joerari; mendiak garbi mantentzeko ahaleginari, alegia.

Mendira doan bakoitzean, zaborrez betetako poltsarekin etxeratzen da Andoni Orobengoa; bertan eramaten ditu berak sortutakoak, eta ibilaldian zehar aurkitutakoak ere bai. Urteak daramatza hori egiten, "inori ezer leporatu barik", baina nahikoa ez dela konturatuta abiatu du Garbilaldia ekimena.

Suedian, 'Plogging' ekimena

Garbitu eta ibilaldia hitzen baturatik sortu du ekimenaren izena, Suediako Plogging izenekoa aintzat hartuta. "Korrika edo footing egiten duten bitartean, zakarrak jasotzea du ekimenak helburu, eta Garbilaldia ekoekintza horren euskal bertsio egokitua da. Hitzak adierazten duen moduan, garbitu ibilaldian.

Euskal Herrian betidanik izan da mendirako joera, baina azkenaldian gehiago, eta bide bazterretako zakarrek ere hala egin dute gora. "Ohiko bideak edo erabilienak egoten dira zikinen, eta, pentsatu gura dut asko gura barik jausitakoak edo galdutakoak direla, baina, aldi berean, ikaragarria da mendi gailurretan edo bestelako toki ezkutuagoetan agertzen direnak. Garbilaldia ez dut abiatu inongo protagonismorik izateko, baizik eta kontzientzia pizten laguntzeko. Adierazi gura dudana da ez dela ezer kostatzen, hasteko, bakoitzak berea batzea, eta, aukeran, zergatik ez, bidean ikusi dugun zabor hori ere batu. Guk batuz gero, atzetik datorrenak ez du ikusiko. Eta, egia esan, aldea dago naturagune garbi edo zikin batean oxigenatzea".

Besteena ukitzeko beldurra

Mendi puntetaraino joan barik, herrigunetik gertu dauden bi-deetan ere zabor asko pilatzen da, eta horiek batzera animatu gura du ekimenaren bultzatzaileak: "Poltsatxo bat eta pintza bat eramatea nahikoa da; gura izanez gero, eskularru batzuk ere lagungarri izan daitezke, gaur egun ezer ukitzeko beldurra dugu eta. Oinez goazela makurtu, zakarra batu eta aurrera. Gero, atzera begiratu eta garbi dagoela ikusteak sekulako poz-tasuna ematen du. Eskatzen duen esfortzurako, egiten dugun mesedea handia da".

Espero ez zituen gauza asko batu ditu: xaboi-poteak eta arropak, esaterako, baina argi du produktu izarrak paperezko zapiak eta plastikozko botilak direla, egun, maskarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak