Erguingo lau igogailuak, Aste Santuaren bueltarako amaituta

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 25a, 14:30

Hiru igogailu bukatuta daude dagoeneko, "erremate batzuk" falta zaizkien arren, eta laugarrenarekin "buru-belarri" ari direla onartu du Juan Antonio Urdangarin Hirigintza Saileko teknikari arduradunak. Igogailuak Aste Santuen bueltan amaituko dituzte eta "lehenbailehen" martxan jartzea gura du Udalak. Lanen aurrekontua 2.570.352,76 eurokoa da (BEZa barne).

Hiru igogailu bukatuta daudela azaldu du Urdangarinek, "bati sarrera eta irteeretan erremate batzuk falta zaizkion arren". Uribarri Etorbidea eta Uriburu kalea lotzen dituen igogailua egiten ari dira orain eta hori bukatzean, guztiak lehenbailehen martxan jartzea da helburua, teknikari arduradunak nabarmendu duenez. "Ea tramite guztiak egiten ditugun Aste Santuaren bueltarako, herritarrek erabiltzeko moduan egoteko".

Igogailu publikoak izango dira, hau da, beti zabalik egongo dira eta edonork erabili ahal izango ditu. "Helburua hasieratik izan da Erguin auzoari, behetik goraino, lotura irisgarri bat ematea, kale guztiak irisgarri egitea. Behekoak erabiltzaile gehiago izango ditu seguruenik eta goikoak gutxiago, baina, printzipioz, guztiak daude prest edonor hartzeko. Lau igogailu dira eta horietako bakoitzak, igotzen joan ahala, maila ezberdinetan irteera bat daukate. Beraz, igogailu batzuek lau irteera dituzte eta beste batzuek, hiru. Ez dago bikorik", dio Urdangarinek.

Tamainari dagokionez, pertsona bat bizikletarekin edota bikien karroarekin sartzeko modukoak dira lau igogailuak. "Era horretan, irisgarritasuna ez dugu bakarrik oinezkoentzako bermatzen. Gurpildun aulkiak ere sartuko dira, noski".

Erguingo lau igogailuak:

1. igogailuarekin Uribarri etorbidetik Uriburu kaleko bi mailetara iristen da (3 geraleku ditu).
2.  igogailuarekin Uriburu kaletik Erguin kaleraino doa, maila ezberdinetako eraikinei irisgarritasuna bermatzeko (guztira 4 geraleku ditu).
3. igogailuarekin Erguin kalea 20-tik Udalpe plazara iristeko, tartean Elizalde kalean ere geratuz (guztira 3 geraleku ditu).
4. igogailua Udalpe kalea 10 ondotik Anboto kalera igotzen da, tartean Anboto azpialdeko kalean geratuz baita ere (guztira 3 geraleku ditu).

Igogailuetan, bideo ikuskapena

Jatorrizko proiektuari hainbat egokitzapen egin dizkiote. Udalpe plazako euste hormak, esaterako, egokitu egin dituzte, transformadoreak eta elektrizitate kanalizazioak moldatuz. Horrez gain, bigarren igogailuko hormak ere egokitu dituzte, "terrenoaren ezaugarriak ikusi eta gero, segurtasuna bermatuz". Era berean, lehenengo igogailuko akaberak aldatu egin dituzte, "itxura hobea" emateko. "Igogailu guztietan bideo ikuskapena jarri da, herritarren segurtasuna areagotzeko".

Ezusteko batzuk ere bai

Urdangarinen esanetan, "txarrena" izan da Iberdrolako linea bat aurkitu dutela, aurreikusten ez zutena. "Lan batzuk lehenetsi behar izan ditugu eta horrek epeetan eragin du". Aldiz, "onerako", horma batzuk aurreikusi baino arinagoak egin ahal izan dituztela azpimarratu du.

Santa Teresako igogailuak ere aurrera

Maria Ubarretxena alkateak azaldu du Arrasatek auzo altu asko dituela, eta horietan bizi diren herritarrak "geroz eta zaharragoak" direla. "Guretzako berebiziko garrantzia dauka auzo horietan irisgarritasuna bermatzeak, behar sozial bat delako. Aurreko agintaldian Makatzenako igogailu sistemarekin hasi ginen, orain Erguinekoa bukatuko dugu eta dagoeneko lanean ari gara Zigarrolan, Santa Teresako igogailu sistema bat diseinatzen".

Gaineratu du Udalaren asmoa dela auzotarrekin batera erabakitzea igogailu sistema eta dagokion kokalekua. "Horretarako parte-hartze prozesu bat burutuko du Udalak uda aurretik, Toki Alaien proiektuaren alternatiba ezberdinen aukerak aurkeztuz eta auzotarrei bozkatzeko aukera emanaz". Udalaren asmoa da 2022ko lehen seihilekoan obrak abian izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak