'Saguzarrak, gure bizilagunik onenak' lana sortu dute Naturtzaindiak eta Dragoi produktoreak

Eneko Azurmendi 2021ko ots. 6a, 15:57

Saguzarrak hobeto ezagutzeko eta bere kontserbazioan laguntzeko lanean ari da Naturtzaindia Elkartea, "eta horren zabalkundean laguntzeko", ikus-entzunezkoa sortu du Arrasateko Dragoi produktorearekin elkarlanean eta Arrasateko Udalaren 2020ko dirulaguntza programak babestuta. "Arrasateko hainbat kobetan jaso ditugu irudi ikusgarrai asko", adierazi dute.

Elkarteak adierazi duenez, saguzarrek, ekosistemetan "funtsezko papera" betetzen dute, "intsektuen populazioak kontrolatzearekin ikaragarrizko zerbitzu ordezkaezin bat eskainiz". Tamalez, diote, Europa mailan saguzar espezie ezberdinen populazioak gainbeheran daudela eta hori, batez ere, giza jarduerei egozten diote.

Ikus-entzunezkoan euskara nagusitzen bada ere, bi hizkuntzetan dago, eta azpitutuluak ditu, "bai erdarazko, eta baita euskarazko elkarrizketatuak ageri direnean ere".

Asteasuko Sagai Zelai koban egin dituzte hainbat grabaketa, swarming fenomenoa baliatuta, uda amaiera eta udazken hasiera inguruan. "Fenomeno honek egiten du espezie askotako aleak agertzea momentu eta toki jakin batzuetan, ugalketa garaia delako, hain zuzen ere".

Horrez gain, Arrasateko hainbat kobetan ere "irudi ikusgarri" asko jaso dituzte. "Schreibersii saguzarraren kolonia bizia lozorroaren aurretik eta ferrasaguzar handien aleak jadanik lozorroan. Bestalde, elkarrizketa guztiak San Balerioko berdegunean egin genituen bertako paisaia ederra lagun izanik".

Azkenik, saguzarren babes-kutxak barrutik grabatzeko beharrezkoak izan dituzte okupatutako kutxak lokalizatzea. "Arrasaten, San Balerion, ditugun babes-kutxak okupazio-zantzuak erakutsi duten arren (guanoa eta ale bakarren bat) grabaketaren egunetan ez genuen zorterik izan kutxak okupatuak ikusteko, horregatik, Bergarara joan behar izan genuen bertako kutxek okupazio maila handia dutelako eta han jaso genituen irudi polit batzuk", azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak