COVID-19aren inguruko neurriei lotutako 2.216 interbentzio Arrasaten, 2020an

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 19a, 15:49

2020an Arrasaten egindako esku-hartzeen berri eman dute gaur Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Andino udaltzainburuak. Hala, iaz, 6.207 esku-hartze egin zituen Arrasateko Udaltzaingoak, eta horietatik 2.216 izan ziren COVID-19aren alorrari lotutakoak.

"Hainbat lan egin behar izan ditugu pandemia garaian: txostenak, salaketa proposamenak, supermerkatuetan eta bestelakoetan egin ditugun edukiera kontrolak, zonalde publikoaren kontrola eta abar", adierazi du Andinok. Ekintza gehienak mugikortasun eta edukiera kontrolak izan dira, 1.116, eta ospitalean, espazio publikoetan, merkataritza-guneetan edo trafiko-eremuetan egin dituztela azaldu du udaltzainburuak. Herritarren segurtasunari buruzko Lege Organikoa ez betetzeagatik, bestalde, 447 zehapen edo zigor proposamen aurkeztu dituzte (maskararik ez eramatea, etxeratze-agindua ez betetzea eta abar). 2019an, esaterako, 15 zehapen jarri zituzten Herritarren segurtasunari buruzko Lege Organikoaren esparruan.

Gainontzeko 3.991 esku-hartzeetatik 218 salaketa jaso dituzte. "Gehienak, 190, ondare ebazpenak edo ebazpen sozioekonomikoak izan dira, esaterako: 65 lapurreta, 10 eraso eta beste 10 alkohola eta drogak kontsumituz gidatzeagatik. Aipatzekoa da lapurretak nabarmen jaitsi direla 2020an". Horrez gain, interbentzio administratiboak 1800 inguru izan ziren, zaratekin, erorketekin edota dokumentazio galerekin lotutakoak, esaterako. Segurtasunarekin erlazionatutako interbentzioak, bestalde, 605 izan ziren, eta trafiko mailakoak, 553.

Andinok gaineratu duenez, Ertzaintzari ere eman diote laguntza "behar izan dutenean", eta hori horrela, 107 kolaborazio egin ditu Arrasateko Udaltzaingoak. Inguruko herrietako udaltzainekin elkarlanean ere aritu dira sarri, batez ere, konfinamendu sasoian.

Gehiegizko abiaduragatik, 1.222 arau-hauste

Garibai etorbidean, Uribarri etorbidean eta Arrasate pasealekuan dauden radarrek, Nafarroa Etorbidean, Osinagan, jarri berri dutenarekin batera, 1.222 arau-hauste erregistratu zituzten 2020an. Aurreko urtean, 2019an, 573 izan ziren gisa horietako arau-hausteak, eta beraz, igoera nabarmena izan dute: %113. Hala ere, radarrak jarri zituzten urtean, 2018an, 1.447 izan ziren.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du radarren helburua ez dela dirua biltzea, baizik eta "herri barruko bide segurtasuna hobetzea, abiadura mugak errespetatzeko kontzientzia indartuz". Hori dela eta, gaineratu du isunetatik ateratako dirua, behin radarren gastua estalita, egitasmo sozialetara edota herritarren ongizatera bideratzen duela Udalak. "2018an batutako 25.000 euroak Gurutze Gorriaren eta DYAren artean banatu zituen Udalak, 12.500 euro bakoitzarentzat. 2019an, ez zen soberakinik izan, ekimena defizitarioa izan baitzen, eta udalak 7.380 euroko defizita ordaindu behar izan zuen. 2020an, azkenik, 50.000 euroko gerakina egon da radarraren funtzionamendu-kostua, 74.680 euro, estali ondoren. Udalak COVID-19ari aurre egiteko neurriak finantzatzeko erabiliko du gerakina", azpimarratu du.

Maria Ubarretxena: "COVID-19ari aurre egiteko erabiliko dugu radarretatik biltzen dugun dirua"

139 istripu 2020an

"Nahiz eta abiadura mugen errespetuan hobetu", 2020an 139 istripu izan ziren Arrasaten: horietatik 17 biktimekin. "Gidarien artean ez da hildakorik izan eta gehienak zauritu arinak izan dira (54). Oinezkoen harrapaketen kasuan, guztira bederatzi izan dira, eta horietatik hiru larriak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak