Joseba Garitaonandia: "Inportantea da norbere herriko lekuen izenak jakitea"

Eneko Azurmendi 2021ko urt. 12a, 15:02

Zaldibar auzoko toponimia gal ez dadin lanean ari dira. Joseba Garitaonandia arrasatearrarena da ekimena eta Josu Uriarte Polvora-rena, berriz, kartelak egiteko ardura. Zaldibar guneko lekuen izenak ezagutarazteko asmoz, lau kartel jarri dituzte jada, eta epe motzean beste lau jartzea ere aurreikusten dute.

"Beti pentsatu izan dut oso garrantzitsua dela herritarrei jakinaraztea lekuek ze izen daukaten. Hori dela eta, ekimen hau martxan jartzea erabaki nuen, iazko uda inguruan. Zorte handia izan dut; izan ere, nire lankide batek, Josu Uriarte Polvora-k, egin dizkit kartelak. Beraz, hemendik eskerrak eman gurako nizkioke, azken batean, elkarlanean egindako lan bat delako", dio Garitaonandiak.

Lehenik eta behin, izenak jaso eta nola idazten diren jakitea ezinbestekoa dela azaldu du, eskrituretan eta bestelakoetan begiratuta. "Behin izenak jartzen hasita, ondo jartzea komeni da, ahozkotik idatzira aldatu egiten baita batzuetan. Ondoren, ahalik eta txukunen idatzi, eta gero, leku aproposean jarri, herritarrek jakiteko lekuek bere izena daukatela", gaineratu du.

Oraingoz, lau kartel jarri dituzte

Lau dira jarri dituzten kartelak: Malagaztaina, Asuela, Oñetibaso eta Lakre. Baina gehiago jartzeko asmoa du Garitaonandiak. "Lankideak gogorik baldin badauka, behintzat, oraindik baditugu izen batzuk jartzeko". Hala, Bakue, Axpe, Txindurripilla eta Ametzaundi izenak jartzeko asmoa dute, eta beste hainbat izen ere badaudela dio Garitaonandiak. "Guk, ordea, ez dakigu jarraituko dugun. Gure borondate onenarekin ari gara, baina, agian, beste batzuek egin beharko lituzkete lan hauek".

Asuelari, esaterako, beste hainbat modutara deitu izan diotela adierazi du arrasatearrak: Cuatrocaminos eta Sietecaminos. "Baina herritarrek jakin behar dute leku horrek jatorrizko izen bat badaukala eta nolabaiteko errespetu falta ere badela jatorrizko izen hori ez erabiltzea".

Zergatik ez herri mailan?

Nabarmendu du aukera polita izan daitekeela hau, gune bakarrekoa ez ezik, Arrasate osoko toponimia berreskuratzeko. "Nik nire auzoko izenak badakizkit, baina beste auzo asko daude herrian, eta seguru nago galtzeko zorian dauden beste hainbat izen ere egongo direla. Beraz, iruditzen zait Arrasateko Udalaren partetik ekimen polita izan daitekeela izen horiek berreskuratzea eta dagokion moduan adieraztea. Lehenik eta behin, izen horiek guztiak zerrendatu beharko lirateke, eta, behin jasota eduki ostean, errazagoa izango litzateke kartelak jartzea", zehaztu du.

Sentsibilizatzeko kartelak ere bai

Gizartearen gehiengoak "modu apropos batean" gozatzen du hemengo inguru eta mendiez, arrasatearraren esanetan. "Baina badaude txerri batzuk zaborra basoan botatzen dutenak, garbigunera bota beharrean. Gure inguruak horrela edukitzea onartezina da eta Udalak, kalean garbitzen dituen moduan, horrelakoak ere garbitu beharko lituzke. Lotsagarria da benetan".

Gaineratu du Euskal Herriko beste paraje batzuetan ibilia dela, eta badaudela herritarrak sentsibilizatzeko "kartel polit eta txukun" batzuk. "Oso didaktikoak dira, auzoguneetan nola jokatu azaltzen dutenak, landaredia, animaliak eta baserritarrak errespetuz tratatzeko. Euskal Herriko hainbat txokotan badaude. Hemen zergatik ez?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak