Aitzakiarik ez Txikilandia eta GazteEkin dinamikez gozatzeko

Hasier Larrea 2021ko urt. 3a, 18:35

Kiroldegietatik kanpo, naturan zein espazio itxietan, garatzen dabiltza neska-mutilak Txatxilipurdik urtarril hasieran antolatzen dituen aisialdi ekitaldiak. Berrikuntzekin eta egungo egoerara moldatuta, izen-emate eta harrera "arrakastatsuak" izan dituzte aurten ere tailerrek.

Uarkapeko eta Musakolako instalakuntzetan beharrean, herriko espazio irekiak, gazteguneetan eta gaztetxean jorratu dituzte aurten Txikilandiako ekintzak. Guneen banaketan ez ezik, adin-tarte ezberdinei zuzendutako eskaintzetan ere nobedadeak aurkeztu dituzte aurtengo edizioan Txatxilipurdiko hezitzaileek. Hori horrela, bi taldetan banatu dituzte dinamikak: alde batetik, 9 urtetik beherakoei familia giroan aritzeko jolasak bildu dituzte Txikilandiako egitarauean, eta bestetik, 9 urtetik gorakoek modu autonomoan gozatzeko GazteEkin formularen barruan jaso dituzte beste hainbat ekintza.

Oihane Sanchez Txikilandiako koordinatzailearen esanetan, banaketa hori 9 urtetik gorakoei "eskaintza berezia" egiteko burutu dute, aurreko edizioetan sumatutako hobetzeko alderdiak konpentsatzeko. Hori horrela, parkourra, kustomizazio tailerra eta eskalada ikastaroa egiteko aukera eskaini diete gaztetxoei, aurreko urtean egiten hasi ziren Scape Room moda-modako jokoaz gain.

Baina gazteenei zuzendutako eskaintza ere ez da hala-moduzkoa izan, eta hori eguraldi txarraren ondorioz Kurtzetxikira egitekoa zuten txangoa bertan behera utzi behar izan dutela gaur. Horren ordez, eskulanak egin dituzte erdiguneko gaztelekuan goizean zehar. Lau urtetik beherako aurrek, ostera, familian esperimentazioa probatzeko aukera izan dute Usaetxeko ludotekan.

Arratsaldean ere ez dute aspertzeko betarik izan; Musikatzen izeneko tailerra egin dute Okendon, eta ipuin kontaketa, berriz, Usaetxen. 9 urtetik gorakoak eskaladan eta sukaldatzen aritu dira Erguinen.

Bihar ere hainbat tailer eta jolas egiteko aukera izango dute, eta itxiera ekitaldi moduan, ikuskizuna egingo dute Biteriko karpan.

Inaugurazioa, Monterron parkean

Ezeren gainetik Naturan Jolasean ekimena nabarmendu nahi izan du Sanchezek:  "Eguraldiak zalantzak sortu zizkigun ea jendeak nola parte hartuko zuen, baina hasierako planteamendua mantentzea erabaki genuen, baita asmatu ere".

Izan ere, karpak jarri zituzten parkean partaideak ahalik eta gutxien bustitzeko, nahiz eta egon zen hain justu horretara joan zen neska-mutilik: "Haurrek lokatz artean margotzen zein elur eta urarekin kozinatzen aritu ziren, eta aldapetan sortu zen errekak ere jolas gehiago egiteko aukera eman zigun, egurrarekin txalupak egiteko aukera, adibidez", gogoratu du Txikilandiako koordinatzaileak.

Hotzaren aitzakia gogoarekin estalita, balorazio positiboa egin dute momentuz antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak