Santamas Komisiñuak herriko eragile ezberdinekin landutako egitarauak ibilbide erdia bete du jadanik. Abenduaren 11n inauguratu zuten Biteriko karpa Ekiñe Casadok eta Bloom taldeak, eta beste kontzertu batekin, kasu honetan Los Killos taldeak eskainiko duenarekin, agurtuko dute urtea abenduaren 30ean karpa zuriko oholtzatik. Bitartean, ia atsedenik hartu gabe ari dira bertan ekintzak antolatzen: artisau azoka, haurrentzako tailerrak, ipuin kontaketak, kabaret umoretsua, herriko musikarien kontzertuak... Hain zuzen, musika bizi duten artistak igoko dira oholtzara datozen egunetan, Assata eta Sarrabete banden atzean baitaude aurten kontzertu apurrez elikatu behar izan duten herriko zenbait musikari.
Leire Etxezarreta abeslari, pandero-jole eta gitarra-jolea da Sarrabete hirukotea osatzen duen arrasatear bakarra. Kontrara, Assata proiektuko kide guztiak dira jatorriz arrasatearrak. Bi taldeek badute puntu amankomunik: azken hilabeteetan isilpean landutako abestiak ozen plazaratu nahi dituztela, aukera iristen zaienean, hain zuzen ere.
MUSIKA BELTZA DU ASSATAK INSPIRAZIO; SARRABETEK, BERRIZ, FOLKA ETA HISTORIA DITU ARDATZ
Oasia basamortuan
Urte "lehorra" izan dela ez dute ezkutatzen Arkaitz Biain Assatako abeslariak eta Etxezarretak berak. 2019 amaieran kaleratu zuten Biainek eta konpainiak formazio berriarekin aurkeztutako lehen lana, Dantzatu, madarikatuok! diskoa. Otsailean egin zuen Irati topalekuan bere aurkezpen formala musika beltzetik edaten duen banda kritikoak. Santamas Komisiñuak eskainitako plaza basamortuan oasi bat aurkitzea bezala izan dela uste du Biainek: "Otsailetik, urtean zehar jotzeko emanaldi batzuk programatuta geneuzkan, baina guztiak bertan behera gelditu ziren". Zuzenekoetan baino gehiago, sormena lantzen xahutu behar izan dituzte indarrak taldekideek, urte hasieran zeukatena baino errepertorio aberatsagoa erdietsiz. Lan horren emaitzaren testigu izango dira zapatuan 19:00etan Biteriko karpan eseriko diren ikus-entzuleak.
Askotariko estiloetatik edaten
Bi egun geroago, ezohiko instrumentuak ardatz dituen Sarrabete proiektu musikalak goxatuko ditu, 18:00etan hasita, karpara gerturatzen diren herritarren belarriak. Gorka Bravo eta Pablo Bueno izeneko musikari profesionalek sortu zuten egitasmoa, eta, hirukotea osatu nahian, Leire Etxezarretarengana jo zuten konfinamendu ostean. Etxezarretaren "profil musikalak" bultzatu omen zituen sarrabetea eta buzukia jotzen dituzten adituak arrasatearrari gonbidapena egitera. "Taldeari ahotsa eta perkusioa jarriko zien pertsona baten bila ari zirela azaldu zidaten, eta, bideo batean abesten eta panderoa jotzen ikusi nindutenez, nigana etorri ziren biak", adierazi du Etxezarretak. Elkartu zirenean konexio "ona" sortu zela dio musikariak, baita proiektuak "arlo teorikoan eta, batez ere, teknikoan ikasteko" laguntzen diola ere.
Sarrabetek folka "bere osotasunean" ezagutzeko ateak ireki dizkiola onartzen du abeslariak. Azaroan kaleratu zuten "etxean grabatutako diskoa", eta aste-leheneko kontzertuan "sorpresatxo bat edo beste" egongo dela aurreratu du.
Zapatuko Assataren kontzertuan ez da, ostera, sorpresarik izango; bai, ordea, "doinu elektronikoz, musika beltzez eta rockaren zenbait estentsioz irabiatutako koktel dantzagarria". Horrela definitzen du Biainek Anger taldetik eratorritako banda berria: "Betiere, gure xumetasun eta zuritasunetik".
Bi taldeetako ordezkariek bertatik bertara bizi izan dute, "plazerez", Biteriko karpak orain arte emandakoa. Laster iritsiko zaie eurei ere oholtza gainean onena emateko abagunea. Assata eta Sarrabete musikak mugarik ez daukala erakusten duten adibide argia dira, eta Biteriko karpa, herri ekimenez egitasmo eder askoak eraiki daitezkeen froga.