Gipuzkoako egoiliarrei elkartasuna helarazteko kontzertu berezia

Jone Olabarria 2020ko abe. 21a, 08:51

Azken asteetan aritu dira emanaldiaren oinarri musikala eta irudiak grabatzen; adibidez, Kulturaten.

'Elkartasuna ezin da gelditu' lelopean, hilaren 24an eskainiko dute. "adinekoei elkartasuna bidali" eta "lankidetza programei laguntza eskaintzea" da emanaldiaren helburua

Pandemiak eragin berezia izan du adineko pertsonen egoitzetan eta askok hilabeteak eman dituzte etxekoen bisitarik jaso gabe. Gabonei begira ere hainbat izango dira aurten egoitzatik ezin irtenda jarraituko duten egoiliarrak. "Bakardade horri aurre egiteko" eta "musikak berriz ere elkartzeko" asmoarekin abiarazi duten "kontzertu berezia" da azken asteetan Mundukide Fundazioaren ekimenez Kulturaten grabatzen eta lantzen aritu direna: "Gabonek elkartasunaren eta alaitasunaren sinbolo izaten jarraitzea nahi dugu. Horregatik, hainbat pertsonaren eta erakunderen lan altruistaren bidez, Eguberrietako kontzertu solidarioa antolatu dugu".

Hain zuzen ere, hainbat erakunde eta elkarte dira helburu solidarioarekin parte hartzera animatu direnak: Arrasate Musikal, Goikobalu Abesbatza, Arrasateko Udala, Mondragon Taldea, Fair Saturday, Harreman ONGD Arrasate, Gipuzkoako Foru Aldundia, GSR kooperatiba eta Mundukide Fundazioa bera ere.

Helburu solidarioekin

Mundukide Fundazioko ordezkariek azaldu dutenez, "pertsonen arteko maitasuna, elkartasuna eta itxar-pena sustatzeko gai izango den" emanaldi berezia bi asmo nagusirekin jaio zen. Adineko pertsonei gizartearen "elkartasuna eta esker-ona" erakusteaz gain, beste asmo bat ere baduela azaldu du Mundukideko zuzendariak, Josu Urrutiak: "Kontzertuaren bigarren helburu solidarioa hegoaldeko herrialdeetako pertsonak gogoan izatea da, haientzat pandemia ez delako arazorik garrantzitsuena; gatazka, desplazamendu, gose, gaixotasun eta bestelako arazoen zerrenda luze bati gehitutako beste zail-tasun bat baizik... Horregatik, ezin ditugu ahaztu. Haien itxaropena ez da txertoa, gure elkartasuna baizik".

Eguberrietarako prestatutako klipak, musika soilik ez, mundu osoko testigantzak batzen ditu, adinekoek prestatuta eta egoiliarrei zuzenduta: "Gipuzkoako egoiliarrek mezuak grabatu dituzte, egoitza guztietan zehar zabaltzeko. Munduan zehar dauden Mundukideko kooperanteek ere euren hitzak helaraziko dituzte, hainbat proiektutan parte hartzen duten lagunekin batera".

Egoitzetan, baita online ere

Kontzertua adinekoen egoitza eta zentroetan, erretiratuen etxeetan, eguneko zentroetan eta osasun mentaleko egoitzetan bizi diren edo parte hartzen duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Izan ere, aitortu dute hasiera batean Arrasateko egoitzetara bideratzea aurreikusten zuten arren, azkenean Gipuzkoa osoko egoiliarrek izango dutela kontzertuaz "gozatzeko" aukera. "Behin grabaketa bukatu eta prozesu osoa eginda, Arrasatetik eta ingurutik harago zabaltzeko aproposa zela ikusi genuen, eta, Gipuzkoako Foru Aldundia tarteko, bere menpeko egoitza guztietan ikusi ahal izango da".

Hala ere, aukeratutako egoitzetan kontzertua online eta doan emateaz gain, publiko orokorrak norberak nahi duen ekarpenaren truke ikusi ahal izango du kontzertua. Hain zuzen ere, emanaldia online emango da mundukide.fsnext.org web helbidearen bidez, abenduaren 24an, 11:00etan eta 18:00etan; eta abenduaren 25etik aurrera, berriz, edonoiz ikusi ahal izango da sarean.

Gorengo mailako musikariak

Ekimenera batu diren artisten artean dauden Eñaut Elorrieta, Idoia Asurmendi aramaioarra, Pedro Muñoz, Goikobalu abesbatza eta Mundukideren orkestra sinfonikoa. Musikarien gidaritza Fernando Velazquezen lana izan da. Getxoztarrak esperientzia zabala du gidaritzan eta konposizioan; eta horren adibide garbia da azkeneko urteetan jasotako aitortza: 2017an, jatorrizko musika onenaren Goya saria irabazi zuen, Un monstruo viene a verme filmaren musikari esker. Filmen soinu bandetan soilik ez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Madrilgo Erkidegoko Orkestra eta abesbatza, London Metropolitan Orchestra eta Budapesteko Irratiko Orkestra Sinfonikoa zuzendu ditu, besteak beste.

'Fair Saturday'-ren baitan

Gabonetarako prestatutako kontzertuak bat egingo du Fair Saturday kultur mobilizazioarekin. "Fenomenoa azaro amaieran agertu zen, eta mundu osoko artistek eta kultur erakundeek parte hartzen dute, ekitaldiaren bidez hautatutako proiektu sozialei laguntzeko". Fair Saturday mugimenduak proiekzio artistikoak sortzeko plataforma teknologikoa jarriko du Gabonetako kontzertuaren antolatzaileen eskura. Programa ikusi ezin eta Mundukideri ekarpena egin nahi izanez gero, Bizum eta kontu korronteak erabili ahal direla gogorarazi dute. Informazioa gehiago eskura dago ekimenaren webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak