Sekula baino jostailu gehiago batu dituzte aurten truke azokarako

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 12a, 15:50

345 jostailu batu ditu Txatxilipurdik, goizean egin duten Jostailu Truke Merkaturako, eta elkarteko kideak "oso pozik" azaldu dira azokak emandakoarekin, jostailu gutxi batzuk besterik ez direlako geratu bukaerarako. Halaber, segurtasun neurriak ere "ezin hobe" errespetatu dituzte guztiek.

"Oso pozik gaude aurtengo azokak emandakoarekin. Goiz guztian jende dezente eduki dugu eta jendea oso gustura irten da, gainera. Oso pozik ikusi ditugu umeak eta horrek poztu egiten gaitu gu ere", azaldu du Txatxilipurdiko kide Arantza Osorok. Azpimarratu du, urtero moduan, lehenengo orduan egon dela jende gehien, aukera onenaren bila-edo. "Aurten, egoera dela eta, txandaka sartu behar izan dira, baina pazientziaz hartu dute herritarrek eta hori ere nabarmendu behar da. Txartelen funtzionamendua ere ondo errespetatu dute, koloretako txartelak lehen orduan eta zuri-beltzak bigarrenean".

10-15 pertsonako taldeak egiten saiatu dira, eta batzuk irten ahala, beste batzuk sartzen joan dira. "Sartzerakoan, eskuak garbitzeko gela eman diegu guztiei eta azaldu diegu jostailuak ez ukitzeko aukeratu arte. Jostailua nolakoa den jakin gura izan ezkero, hezitzaileari galdetzeko azaldu diegu, eta ondo errespetatu dute hori ere".

Jostailu kopurua, ia bikoitza

Osorok azaldu duenez, orain arte 200 bat jostailu batu izan dituzte urtero, eta aurten 345 izan dira. "Egoerak horretan lagundu duela esango nuke. Azken batean, etxean egon garen denbora horretan guztian jendeak jostailu asko erabili ditu eta jostailuak asko erabili dira denborapasa moduan. Uste dut horrek eragin duela bilketan, jostailu pila bat jaso ditugulako".

Jostailuak bakarrik ez, haurrak ere "inoiz baino gehiago" izan dira aurten. "9-10 urte arteko haurrak etorri dira gehienbat, gurasoekin. Orain arte, gurasoak bakarrik etorri izan dira. Haur batzuek komentatu digute jostailuak ekarri dituztenean txartel asko jaso dituztela eta lagunei banatu dizkietela. Beraz, lagunak ere jostailuak jasotzera gerturatu dira".

Hiru tailer ere bai

Elementu naturalekin, hiru tailer jarri dituzte Biteriko karpan bertan, eta bosnaka egin dituzte saioak. "Alde batetik, harriak eta egur zatiak margotzea. Bestetik, sormen txoko bat ere egon da eta hostoak, makilak eta bestelakoak erabilita, artaziekin eta zelorekin,  gura izan dutena sortzeko aukera izan dute. Azkenik, jolasteko aukera izan dute, harriekin bikote-jolasa egiteko eta egurrekin askotariko aurpegiak osatzeko, eta abar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak