Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerente Luisa Diezen atea jo du GOIENAk, martxotik hona bizitakoa eta aurrerantzean etor daitekeena aztertzeko.
Une honetan zein da egoera Debagoieneko Ospitalean? Zenbat COVID-19 paziente daude ingresatuta?
Pazienteen kopurua nabarmen jaisten ari da, eta une honetan zortzi COVID-19 paziente ditugu ingresatuta eta beste zortzi COVID-19 susmagarri. Hala ere, paziente gazte asko Arabako Ospitalera bideratu ditugu, kasuen larritasun mailagatik.
Beraz, gaixo eta susmagarriak kontuan izanda, zein portzentaje hartzen dute ospitaleko ingresatu guztiekiko?
Bada, %11 inguru izango dira. Baina azaroaren 16an, adibidez, datu hori %47koa zen. Beraz, hor ikus daiteke azken asteetan eduki dugun jaitsiera nabarmen hori.
Zein izan da martxotik hona bizitako unerik larriena ospitalean?
Hasierako uneak, ezbairik gabe. Ez genekien zeri aurre egiten ari ginen, medikuentzako dena zen berria: gaixotasuna, tratamenduak, protokoloak... COVID19ak oso larriki eragiten du arnasketa aparatuan, eta era horretako patologiak berriak ziren guztiontzat. Beraz, martxoan eta apirilean bizi izan genituen une latzenak. Paziente larriak erreferentziazko ospitaleetara bidaltzen ditugu guk, eta une batzuetan ezin genituen bidali, ospitale horiek oso saturatuta zeudelako.
Ingresatutako pazienteei eta kutsatze kopuruei dagokienez, zein izan da larriagoa, lehen olatua ala bigarrena?
Ez daukat olatu bakoitzak utzitako zifra metatuen datu zehatzik. Eguneko datuak aintzat hartuz, egun bakarrean 32 kutsatu eta hamabi susmagarri edukitzea izan da bizi izan dugun zifrarik altuena, eta lehen olatuan eta bigarrenean heldu gara zifra hori edukitzera.
Bigarren olatuari aurre egiteko neurri berezirik hartu duzue?
Aurretik markatuta genuen kontingentzia-plana jarraitzen aritu gara. Baina, datuek gora egin ahala, eszenario aldaketa bat izan genuen, eta horrek eragin zuen aktibitate kirurgikoa eta proba osagarrien zerbitzuak etetea. Kontuan eduki behar da askoz baliabide gehiago eskatzen dituela COVID-19 paziente batek paziente arrunt batek baino: denbora gehiago, pertsonal gehiago... Hala agintzen dute protokoloek, eta langileen lan-karga asko handitzen da.
Langileek mobilizazioak egin izan dituzte lan-baldintzak hobetzeko eskatuz. Hartu duzue neurririk euren eskariak asetzeko?
Lan osasun eta lan segurtasun komite bat dugu, eta sindikatuek bertan parte hartzen dute. Segurtasun baldintzekin lotutako kontu guztiak bertan erabakitzen dira, eta une oro izan dira horren jakitun. Debagoieneko ESIn ez dugu babes-material faltarik izan; ez lehen olatuan, ezta bigarrenean ere.
Gogoan dut urpekaritza-maskara batzuk eskatu zituztela langile batzuek, baina ospitaleko zuzendaritzak ez zuen halakorik eskatu...
Ez genuen inongo beharrik herritarrei halakorik eskatzeko, ezta homologatu gabeko babes materialik erabiltzeko ere.
Gustura zaudete bailaran egindako baheketen emaitzekin?
Parte hartzearekin, ez; gutxi gorabehera, %50eko parte hartzea izan dute bailaran egindakoek, eta zifra altuagoa izatea zen gure nahia. Osasun arlotik esfortzu handia egin behar da halako baheketak egiteko, eta herritarren erdiak soilik erantzuteak... Bestalde, emaitzak daude. Aretxabaletan eta Eskoriatzan, adibidez, %0,5eko kutsatze-tasa izan genuen eta Arrasaten, aldiz, %2,2koa; Euskal Herriko altuenetakoa. Detektatutako positibo bakoitzaren kontaktuei esker, ia beste hamar positibo detektatu ditugu. Beraz, oso eraginkorrak izan dira.
Gabonetan fin ez bagabiltza, hirugarren olatua etorriko da; eta langileak, jada, nekatuta daude
Hiriburuen ostean Arrasate da kutsatu kopuru altuena duen herria. Kezkatu egiten zaituzte datu horrek?
Bai, noski. Bailarako beste herri batzuetan oso datu altuak batu dira bigarren olatuan, baina oso azkar egin dute behera. Hala ere, Arrasaten askoz erritmo motelagoan ari dira jaisten, eta, hein handi batean, herritarren jokabideen baitan dago hori.
Azken orduko albistea da Arrasaten bigarren baheketa bat egingo dela, aurrekoa baino masiboagoa. Beharrezkotzat jotzen duzu?
Hori ez da ospitalearen erabakia, Jaurlaritzako epidemiologoen erabakia baizik. Arrasateko datua azkarrago hobetzen lagundu dezake, eta hori da espero duguna. Ea parte hartze altuagoa dagoen eta positibo asko atzeman ditzakegun.
Bergarako larrialdi zerbitzua itxi egin duzue. Zergatik?
Eszenario aldaketak eraginda izan da, langileen behar handiagoa genuelako COVID-19 pazienteen arreta zerbitzuan. Behar puntual bat izan da eta Bergarako, Antzuolako eta Elgetako alkateak egoeraren jakitun dira.
Orain, galderarik zailena: Noiz itzuliko gara normalitatera?
Ez da erraza jakitea. Bi faktorek baldintzatuko dute: txertoak eta jendearen jarrerak. Txertoa noiz helduko den ez dakigu oraindik, baina gure nahia da 2021 hasierarako heltzea. Dena ondo bidean, 2021eko lehen seihilekoa amaitzean eman beharko genioke buelta egoerari.
Ondo hartu duzue osasungintzan Gabonetan neurriak leuntzearena?
Gabonetan fin ez bagabiltza, hirugarren olatua etorriko da; eta langileak, jada, nekatuta daude. Uler dezaket neurriak leuntzearena. Horrek ez du zuzenean hirugarren olatua eragingo, baina gure jarrerek, bai. Ezin gara erlaxatu, eta neurriak betetzen jarraitu behar dugu.