Gaur, eguena, Euskararen Egunarekin bat eginez, Bizipenen (h)arigunea egin dute Euskararen Plazan, eta idatziz zein marrazki bidez azaldu dituzte arrasatearrek bi aste hauetan bizi izandakoa. "Oso inportantea da herritarrak Euskaraldiaren baitan eta euskararekin lotuta izan dituzten bizipenak jasotzea eta bizipen horiek gainontzeko herritarrei ikusaraztea. Horregatik, bizipen horiek zeintzuk diren jakin gura izan dugu, hurrengo Euskaraldiei begira fokua non jarri erabakitzeko eta jakiteko herrian nola funtzionatzen duen ariketak", adierazi du Etxebarriak. Era berean, POOK elkarteko bi artistak mural bat margotzen ari dira plazako pareta batean, aipatutako bizipen horietan oinarrituta.
Eguerdian, bestalde, Arrasateko hamabostekoa osatzen duten ordezkariak talde argazkia atera dute Euskararen Plazan bertan. Honakoak dira hamabost eragileak:
- Arrasateko Udala
- Ibai-arte
- Mondragon Taldea
- SUDC
- Ttak! taldea
- AZK
- JMA
- Txikitxu-Arrostaitz
- Lore Gazteak
- Besaide Mendizale Elkartea
- Mondra Futbol Taldea
- Arrasate Rugby Taldea
- Ardatz Akademia
- Abian Fisioterapia Zentrua
- Arrasate Musikal
"Merezi duen moduan" agurtuko dute ariketa
Bihar amaituko da Euskaraldia, eta, Jokin Etxebarria Arrasateko Euskaraldiko dinamizatzaileak azaldu duenez, "merezitako bukaera" eman gura diote ariketa sozialari. Hala, 18:30ean hasita, bukaera ekitaldia egingo dute Kulturaten. "Leire Etxezarretaren musikarekin lagunduta, bideo batzuekin eta bestelakoekin, ikusiko dugu bigarren Euskaraldi honek herrian eduki duen ibilbidea. Gero, datuak emango ditugu, baina aurreratu dezaket pozik gaudela izandako erantzunarekin", dio Etxebarriak.
Benetako Euskaraldia, bihartik aurrera
Egunotan jende askok hartu du euskararekiko kontzientzia, dinamizatzailearen esanetan. "Kalean jende asko ikusi dut txapa jarrita eta ariketa egiteko nahiarekin ere bai. Beraz, esan genezake hizkuntza ohiturak aldatzearen alde daudela herritar asko". Halere, ohartarazi du benetako aldaketa bihartik aurrera erakutsi beharko dutela herritarrek."Euskaraldia bukatu da, baina benetan ohitura horiek aldatu baditugu, bihartik aurrera erakutsi behar dugu, egunerokotasunean euskaraz bizitzeko ahalegina eginez. Ariketak jarraitu egin behar du eta, tamalez, euskara bultzatzen jarraitu beharra daukagu, herritik zein instituzioetatik. Esango nuke, beraz, nahiko garbi dagoela hirugarren Euskaraldi bat ere beharrezkoa izango dela".