GIBaren gaineko tailer informatiboak, egubakoitzean, Biteri plazan

Eneko Azurmendi 2020ko abe. 2a, 18:01

Atzo, abenduak 1, GIBaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, eta hori baliatuta, gaia lantzeko tailerrak egingo dituzte egubakoitzean Biteri plazan, berriro martxan jarri duten sexologia zerbitzuak antolatuta. Egun osoan zehar egingo dituzte saioak.

Arrasateko sexologia zerbitzuak antolatuta, GIBa lantzeko tailerrak egingo dituzte gaur, egubakoitza, Gorputzarekin Izan Burujabe izenburupean. Lau izango dira, bereziki, landuko dituzten gaiak: Infekzioak, GIBa, antisorgailuak eta plazerak. Saioak goizez zein arratsaldez egingo dituzte, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara –ordubeteko tailerrak izango dira gai bakoitzeko–.

Nabarmendu dute, halaber, garrantzitsua dela GIBa eta HIESa bereiztea. "HIESa GIBaren fase terminala da, eta gaur egun dauden aurrerakuntzekin eta medikamentuekin, jendea ez da iristen fase horretara. Zentzu horretan, oso kontrolatuta dago eta nik uste dut inportantea dela jendeak hori jakitea. Orain arte, GIBa eduki duten pertsonak baztertuak izan dira eta ezkutuan eraman izan dute. Hala ere, normaltasunetik eraman beharreko kontua da eta horretarako oso garrantzitsua da informazioa", azaldu du Leire Gonzalez sexologo arrasatearrak.

Irailetik, zerbitzua martxan

Bilboko Xelebreak enpresak hartu du zerbitzua emateko ardura eta Leire Gonzalezekin batera, Aritz Resines ari da sexologo lanetan. Gazte bulegoaren gainean dute lokala, Biteri plaza ondoan, eta jendaurreko arretari dagokionez, astelehenetan 10:00etatik 13:00etara eta eguenetan 16:00etatik 19:00etara eskaintzen dute. Horrez gain telefono, Whatsapp eta e-posta bidezko kontsultak ere egin daitezke, sexologia@arrasate.eus helbidean edo 943 25 20 66 eta 747 40 21 40 zenbakietan.

Norbanako eta bikoteen arretaz aparte, talde eta eragileekin ere badihardute lanean. "Eskolekin, gazte txokoekin, kale hezitzaileak dituzten taldeekin edota ASPACE moduko eragileekin harremanetan gabiltza, hitzorduak lotzen, haiekin sexualitatearen gaia lantzeko".

Herritarrei, gerturatzeko deia

Maitane Muñoz gizarte ongizateko zinegotziak azaldu du "oso garrantzitsua" dela urtebeteren ostean zerbitzua berriz martxan eduki ahal izatea, eta herritarrak animatu ditu zerbitzua erabiltzera, "beldur eta lotsa" gabe. "Gerturatu daitezela, Leire eta Aritz sexologo profesionalak dira, konfidentzialtasuna bermatzen dute eta udal zerbitzua izanik, guretako lehentasuna da hori. Arrasatearren zalantzak argitzeko daude eta zerbitzu on bat ematen dute, duda barik".

Azaldu dutenez, harremanetan suerta daitezkeen zailtasunei aurre egiteko, harremanak izateko zailtasunak gainditzeko, zeloak, ligatzeko zailtasunak, arazo afektiboak eta abar lantzeko eta gainditzeko aholkuak eta estrategiak eskaintzen dituzte, besteak beste, sexologia zerbitzuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak