"Iritzi publikoak badaki bereizten ELAk gizartean duen zeregina eta baita irabazi-asmorik gabeko erakundeek, hala nola, Aita Mennik, dituztenak. Orain sektorizazioari egiten diote eraso, hitzarmenaren negoziazioaren kontrako iritziak sortu guran, COVID-19 agerraldi baten erabilera oportunista eginez", azaldu dute.
Gaineratu dute, ez dietela pandemiaren kudeaketaren gaineko leziorik ematen utziko, ELAk Gipuzkoako egoitzen kontra antzerako arrazoiengatik maiatzean jarritako bost salaketa atzera bota dituztenean.
Aita Mennik lau zentro handi kudeatzen ditu, baita eguneko zentroen eta anbulatorioen sare bat ere. Orain arte, horien kudeaketa "egoerak eskatutako baldintzetara egokituz egin dutela" azaldu dute. Eta gaineratu dute: "Zalantzarik gabe, beti hobetu daiteke, baina harro gaude Aita Menni osatzen dugunon lanaz eta konpromisoaz". Zuzendaritzatik, pandemia kudeatzen duen taldearen dedikazio-ordu kopuru handia nabarmendu dute, eta ez dutela zertan "pertsona askoren lanari balioa kentzen dioten komunikatuak erantzuten aritu behar".