Aita Menniko bigarren agerraldia "ekidin zitekeela" salatu du ELAk

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 27a, 13:47

Ospitaleak atzo jakinarazi zuen psikiatria legaleko unitatean positibo berriak atzeman zituztela eguaztenean. Zehazki sei dira kutsatuta dauden egoiliarrak, eta hamalauk negatibo eman dute. Bertatik azaldu nahi izan dute izan diren bi agerraldiek ez dutela "elkarren artean harremanik".

COVID-19ak bigarren aldiz kolpatu du Aita Menni, eta ELAk berriz salatu du ospitaleak egin duen kudeaketa: "Zoritxarrez, enpresaren arduragabekeriaren eta aurreikuspenik ezaren emaitza da hau. Guztiz onartezina da dimentsio honetako zentro batean langileek eta pazienteek prekarietatea maila honetan jasan behar izatea".

Ospitaletik adierazi dute sei direla unitatean kutsatuta daudenak, eta bestetik, azaroaren 5ean Benito Menni unitatean hautemandako kasuen harira, 34 egoiliar eta hamaika langile daudela kutsatuta oraindik. Horrez gain,  hilaren 19an egoiliar bat zendu zela ere jakinarazi dute. Nolanahi ere, bi agerraldiek elkarren artean harremanik ez dutela azpimarratu dute, eta datozen egunetan PCR probak egiten jarraituko dutela.

Sindikatuarentzat lotura dute kasuek

Ospitaletik adierazitakoaren kontrara, ELAk esan du langileak hainbat unitatetan lanean aritu direla "pertsonal faltarengatik" eta horrek "unitate guztiak arriskuan" jarri dituela: "Konfinatu aurretik, konfinatu bitartean eta ospitalean bi agerraldi izan ondoren ere langileak batetik bestera ibiltzen dira. Bigarren agerraldiak lotura zuzena dauka langileak unitate desberdinean aritzearekin". 

Bestetik, "pertsonal falta", "neurri zehatzen gabeziak" eta Aita Menniko "lan-baldintzen prekarizazioa" ere salatu dituzte ohar bidez, eta Eusko Jaurlaritza eta Aldundira jo dute "hitzetatik ekintzetara" igaro daitezen eskatzeko. Bestetik, langileei mobilizatzeko dei egin diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak