Laubide proiektua, 'Ekobulebar'-aren alternatiba

Eneko Azurmendi 2020ko aza. 27a, 14:10

Ekobulebar-arekiko proiektu alternatibo bat aurkeztu du Arrasateko EH Bilduk asteon, "oinezkoak espazio eta protagonismoa berreskuratzeko aspaldian autoaren mesedetan galdutakoa". Proposamenean, aldaketa nagusia autobus geltoki "duin" bat izango litzateke, estalia eta sei bat autobusendako lekua edukiko lukeena.

Arizmendiarrieta plazaren zati bat, ondoko berdegunearen beste zati bat eta biribilgunea hartuko lituzke espazio horrek. "Era berean, Nafarroa etorbidea noranzko bakarrekoa izango litzateke eta Roneok biribilgune erraldoi bat izateari utziko lioke. Gainera, modu horretan, autobusen trafikoa erdira murriztuko litzateke, oinezkoentzako eta bizikletentzako lekua irabaziz eta poluzioa gutxituz, airearena zein akustikoa".

Autobus geltokia hor jartzeak beste hainbat aukera ahalbidetuko lituzkeela azaldu du EH Bilduk. "Trafiko gabeko espazio izugarria irabaziko genuke. Adibidez, Garibai etorbide osoa oinezkoentzat izanda, lorategi eder bat atonduko genuke Iturbide inguruan, gure nagusientzat gune atsegina eta erosoa sortuz. Arrasate erdigunean arbolak eta berdeguneak zabaltzea oso garrantzitsua da".

Euren proposamenarekin, nabarmendu dute Kulturolara eta Musika Eskolara "arrasatear askok" egingo dituzten joanetorrietan segurtasuna hobetuko litzatekeela. "Gainera, irabazitako espazioak Zaldibarko parkean esku hartzea ahalbidetuko luke, baita aisialdirako gunea hobetzeko ere".

Bidegorri sarea osatzea

Arrasate "jasangarriago eta irisgarriagoa" osatzeko, bidegorri sare "osoa, integrala", eraikiko litzateke. "Orain daukagun asfalto gorriko zati bakanduak atzean utziko genituzke. Garrantzitsua da berehala gauzatzen hastea, garestia ez delako eta zailtasun tekniko nabarmenik ez dagoelako. Beraz, gaurtik, egingarria da".

Teknikoki, egingarria

Argi utzi gura izan dute "Udal Gobernuak ezetz esan arren" aldaketa hauek egitea posible dela oraindik. "Grupo San Juan, esaterako, atera dute proiektutik, bizilagunekin hala adostuta. Beraz, hau ere posible da aldatzea, ez baita kontratua bertan behera uztea, moldatzea baizik". Era berean, adostasunean oinarrituko den plangintza izatea gura dute. "Alderdi politikoekin, herriko eragileekin eta herritarrekin hitz eginda". Horren harira, aurreratu dute lotuta dituztela lehen bilerak. "Gaur hasiko gara bilerekin, Roneoko bizilagunekin, Grupo San Juanekoekin, Nafarroa etorbidekoekin, ostalariekin eta komertzioekin. Izan ere, herriari azaldu gura diogu gure alternatiba".

Planteatzen dituzten aldaketa eta proposamenak jasotzen dituen webgune bat ere jarri dute eskuragarri: Laubide.eus.

Oxigeno gehiagoko proiektua

Azkenik, EH Bilduk uste du euren proiektuak "oxigeno gehiago" ematen diola zona horri. Eta, hori dela eta, proiektua berriz aztertzeko eskatu gura diote Udal Gobernuari. "Ez da alderdikeria kontua. Benetan uste dugu herriarendako onena dela. Zalantzarik gabe, mondragoetarrek bizi-kalitatea irabaziko lukete".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak