Giro gozoan euskaraz berba egiteko, Mintzodromoa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko aza. 27a, 19:15

Eguazten goizean Kulturaten egin zuten Mintzodromoa ekimenaren une bat.

Euskaraldiaren baitan, euskaldun zaharrak eta euskalduntzeko bidean ari direnak batu ziren eguaztenean egin zuten Mintzodromoa izeneko ekimenean, zahar berri egitasmoak proposatuta; bi saio egin zituzten: goizean bat eta arratsaldean bestea.

Ikasgelatik kanpo ezezagunekin euskaraz jarduteko aukera eskaintzen du Mintzodromoak. "Euskara plazaratzea da helburua. Mahai gainean gai batzuk jarri, eta taldeetan banatuta bizipenak partekatzea. Eguaztenean ez genuen, beste batzuetan moduan, taldeen arteko errotaziorik egin. Talde berean jardun zuten hainbat konturi buruz", azaldu du Arrasateko Zahar Berri ekimeneko teknikari Nerea Zugastik.

Eguneroko gaiek osatzen dute proposatutako gaien zerrenda. "Euskara maila ezberdinetako jendea batzea da helburua; hortaz, gai arruntak dira, bakoitzak bere bizipenak kontatzeko. Oraingoan, honako hauek: COVID-19a; sakelako telefonoen erabilera, erosketak egiterakoan ditugun joera edo ohiturak, feminismoa, itxuraren garrantzia...". Eta, antza denez, asmatu zuten pro-posamenekin, goizeko saioan parte hartu zuen Aintzane Barrenetxea-Arandok dioenaren arabera: "Ziztu bizian pasatu zaigu denbora. Gai bat bukatu behar zenerako, guk oraindik gauza asko genituen esateko. Lehenengo aldia izan da Mintzodromoan, eta ekimen interesgarria iruditu zait". "Dagoen egoerari buruz apur bat amorruz egin dugu berba. Niretzako ere lehenengo Mintzodromoa izan da, eta oso pozik eta gustura egon naiz. Oso berritsua naiz eta berbalagunak oso jatorrak iruditu zaizkit", kontatu du Montse Gallastegik.

Arratsaldean jende gehiago

Bi saio egin zituzten Kulturateko areto nagusian. AEK euskaltegiko ikasleak, Zahar Berri ekimenaren Mintzalagunak ekimeneko parte hartzaileak eta, orokorrean, herritar guztiak zeuden gonbidatuta. Goizekoan baino jende gehiago batu zen arratsaldekoan.

Euskaraldia, "beharrezkoa"

Honela dela dio Aintzane Barrenetxea-Arandok: "Euskara bultzatzeko tresna baliagarria da, eta, bere eraginez, orain, Arrasaten eta inguruetan euskara gehiago egiten da. Aurrekoan ez nintzen apuntatu, eta pena nuen; aurten, Ahobizi-a naiz, aita moduan. Amak ez du euskara ondo menperatzen, baina bion laguntzarekin ikasten ari da".

Euskaldun zaharra da Montse Gallastegi , eta berarentzako ere garrantzitsua da. "Ikasten ari den jendeari bultzada emateko, animatzeko eta erakusteko ze polita den euskaraz egitea eta bizitzea. Ahobizi-a naiz ni".

Ideia moduan oso ona dela dio Zugastik: "Honetara dedikatzen garenok emozio handiz bizi dugu; eta bukatutakoan ere, ateak beti zabalik izango ditugu".

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak