Bestalde, abenduaren 3an, bizipenen arigunea antolatuko du Arrasateko Euskaraldiak, eta ariketa sozialean parte hartu dutenek izan dituzten esperientziak partekatu ahal izango dituzte Euskararen Plazan jarriko dituzten soketan. Horrez gain, mural bat ere margotuko dute.
Herritarren istorioak eta Arrasateko hitzak
Ariketa soziala hastearekin batera, Arrasateko Euskaraldiko kideak herritarren esperientziak edo istorioak bidaltzen ari zaizkie izena eman duten guztiei, bi egunetik behin, herriko askotariko egoerak plazaratzeko asmotan. Gaurko protagonistak, esaterako, Gare lora-dendako Amaia eta Silvia dira, bata ahobizi eta bestea, belarriprest. "Izena eman dugu euskararen erabilera areagotzeko, bai bezeroekin eta baita gure artean ere, euskara bultzatu nahi badugu, gure artean ere aritu behar dugulako. Hori da gure erronka: euskera ulertu eta hitz egiten duten pertsona guztiekin euskeraz aritzea eta euskeraz bizitzea", diote.
Horrekin batera, bi egunean behin, Arrasateko hitz bat bidaltzen dizkiete parte-hartzaileei. Gaurko hitza edo esaera tril egin da, hau da, parez pare elkartu edo topo egin. "Unibertsitate garaiko ezagun batekin tril egin dut eta denbora guztian euskaraz berba egiteko kapaz izan gara. Mirariak egiten ditu Euskaraldiak".