Mendi Tourreko film onenak, asteartean Amaia antzokian ikusgai

Hasier Larrea 2020ko aza. 22a, 12:00

'Cholitas' dokumentaleko fotograma.

Besaide MEk beste behin ekarriko ditu 'BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia' festibalean proiektatu ziren ikus-entzunezko piezarik esanguratsuenak, 2019koak. Hilak 24an, 'Harria herria', 'Nebola' eta 'Cholitas' filmak proiektatuko dira, 19:00etan hasita. 

Besaide Mendizale Elkarteak beste behin ekarriko ditu BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia festibalean proiektatu ziren ikus-entzunezko piezarik esanguratsuenak, 2019koak, herriz herri egiten den Mendi Tour emanaldi-sortaren baitan.

Ekitaldia "berez maiatzean egin behar zela" azaldu du Eñaut Iturbek, Besaide MEko lehendakariak, eta "Udalarekin egindako elkarlanak" ahalbideratu duela azaroan antolatzea. Herriko mendizale elkartea aitzindaria izan da mendizaletasuna ardatz duen zine-jaialdi internazionaleko film parte-hartzaileak gertuko publikoari eskaintzen, eta horretan jarraitzen du gaur egun.

Hiru pieza, bi orduko emanaldian

Pelikulen aukeraketa "Mendi Film festibaleko sustatzaileekin" egiten dutela adierazi du Iturbek. Aurten ohi baino ordubete lehenago hasiko da emanaldia: "Bi orduko iraupena zorrotz betetzea hobetsi dugu, ikusleak 21:00etan joan daitezen etxera", dio Besaideko lehendakariak.

Gauzak horrela, iazko katalogoko bi film labur eta luze bat egongo dira ikusgai datorren asteartean: "Plater nagusia Cholitas dokumentala izango da, Boliviako bost emakume indigenen erronka kontatzen duena", aurreratu du Iturbek. Mendi Tour-eko hurrengo geltokia "maiatzean, ohiko hilabetean", izatea espero duela gehitu du antolatzaileak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak