30 egoiliar dira gaur gaurkoz positibo eman dutenak Aita Mennin

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 13a, 15:32

Azaroaren 6ko koronabirus agerraldia izaten dabilen bilakaeraren berri eman gura izan du Aita Menni ospitaleko zuzendaritzak. Gaur gaurkoz 30 egoiliar dira positiboak, 10 negatiboak eta sintomarik gabe daudenak, eta beste bat PCRaren emaitzaren zain dagoena. Langileen artean, ostera, ez dela kutsatze gehiagorik atzeman adierazi dute, eta guztira bederatzi direla positibo eman dutenak.

Egoiliarrek egonkor jarraitzen dutela diote, sintomarik gabe edo sintoma arinekin –sukarra eta katarro-sintomak– eta sintoma larrienak zituzten bi pazienteetatik batek hobera egin duela. Gaineratu dute bakoitzaren beharren araberako zaintza eta tratamendu farmakologikoa eskaintzen dabiltzala eta familiek gaixoen bilakaeraren gaineko informazioa jasotzen jarraitzen dutela.

Aita Mennik etengabeko komunikazioa duela Jaurlaritzako Osasun Sailarekin ere adierazi dute.

Arazoak "berehala" konpontzeko eskatu du ELAk

Agerraldi horren harira Enpresa Batzordeak adierazi zuen martitzenean "lotura argia" dagoela horren eta hitzarmen berriaren gatazka sindikalaren artean. Zuzendaritzak, aldiz, biak lotzea "onartezina eta oportunista" dela zioen.

ELAk onartezintzat jo ditu Aita Mennik "sindikatuaren aurka egindako salaketak", eta ospitaleko arazoak "berehala konpontzeko" eskatu du: "Gezurretan ari dira
esanez horrek ez duela zerikusirik positiboen agerraldiarekin; izan ere, langile faltak, langileak unitate batetik bestera pasatzea eragin du, kaltetutako unitatea indartzeko jendea falta zelako". Gaineratu dute langile guztiei ez dizkietela PCR testak egin hori eskatu arren behin eta berriz. Eta borrokan jarraituko dutela diote "lan baldintzak hobetuko dituen merezitako lan hitzarmena lortu arte".

Aita Menniren erantzuna

ELA sindikatuak esandakoei erantzun gura izan die Aita Mennik eta hainbat kontu argitu. Batetik, diote agerraldi bakarra dagoela eta Gesalibarko egoitzan dela hori: "Arrasateko eta Eibarko egoitzetako (COVID solairua) lantaldeak erabat ezberdinduta daude". Lehen kasua 2020ko abuztuaren 15ean izan zutela ospitalean ere jakinarazi gura izan dute. 

PCR proben harira diote Osasun Publikoaren, Epidemiologikoaren eta Aita Menniko Prebentzio Zerbitzuaren artean zehazten dela eta pandemia hasi zenetik 2.000 proba baino gehiago egin dizkietela langileei, "alde guztiek beharrezkotzat jo dutenean". Gaineratu dute erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean dihardutela aholkularitza eta formakuntza eskainiz.

Era berean zera adierazi dute: "Hitzarmenaren negoziaketa agerraldiarekin lotzea onartezina, alarmista eta oportunista da". Eta gaineratu ELA azaroaren 10ean arduratu zela ospitaleak COVID-19aren aurrean duen funtzionamenduaren gaineko kontuekin, martxoan egin zen Kontingentzia Plana eskuratu zuenean.

1.000tik gora diren kolaboratzaileak  eskertu gura izan dituzte "erakutsitako konpromiso eta profesionaltasunagatik". ELAk bere interesetarako baliatzen duela egoera ere adierazi dute: "Guk bitartean gaixoak eta egoiliarrak zaintzen jarraituko dugu, informazioa gardentasunez emanda". Eta egoerak lankidetza eskatzen duela gaineratu dute, horregatik, ELA ere horretara gonbidatu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak