Berdintasun Sailak Udal Gobernuarengandik "diskriminizazio tratua" jasotzen duela adierazi du oposizioak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 2a, 16:53

Arrasateko EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek prentsaurreko bat eskaini dute gaur, Emakume Txokoaren aurrealdean, azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren testuinguruan, Udaleko berdintasun sailak Udal Gobernuaren aldetik jasaten duen "diskriminazio tratua" salatzeko. Horrekin batera, biharko osoko bilkuran zenbait proposamen egingo dituztela ere gaineratu dute.

"Hamarkadetan zehar, Arrasate aitzindari izan da Euskal Herri mailan berdintasun politiketan eta horri eustea izan da oposizioko alderdion helburua; baina azkeneko bost urteotan PNV eta PSOEren tandema agintean dagoenetik arloari eman zaion pisua kualitatiboki erori da", adierazi du Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak. Horren adibide garbia dela Emakume Txokoaren kokapena azpimarratu du, "herriko puntu ilun arriskutsu baten kokaturik jarraitzen du, Udal Gobernuak arazo horri konponbidea emateko erakusten duen benetako borondate faltaren erruz".

Emakume Txokoaren eraikina puntu ilunean

"Duela bi agintaldi, Udaleko Segurtasun kontseiluak obra proiektu bat egin zuela zerbitzuaren kokapen arriskutsuari konponbidea emateko, zerbitzura sartzeko pasabide bat irekiz. Oinarri-oinarrizkoa eta egiteko erraza bezain merkea. Baina duela bost urte, PNV eta PSOEk uko egin zioten proiektu hori aurrera eramateari gobernura iritsi orduko. Ezezko hori justifikatze aldera, zerbitzua lekuz aldatzeko borondatea adierazi zuten eta oposizioko alderdiok zein zerbitzuko langileek eta erabiltzaileek gogo onez hartu genuen proposamen hori. Bost urte igaro dira, ordea, eta zerbitzuak bere hartan jarraitzen du". Honekin batera, gaineratu dute, herriko puntu ilunenetako bat izaten jarraitzen duela Emakume Txokoak, eta bertako langile eta erabiltzaileak arriskuan jartzen direla egunero. Gogoratuz, denbora tarte horretan pare bat eraso ere jasan zituela zerbitzuak.

Emakume Txokoa Gelmara lekualdatzearen harira

2020ko aurrekontuetan oposizioaren eskariz, Emakume Txokoari kokapen berri bat emateko partida bat sortu bazen ere, gaiari eman zaion trataera lotsagarria izan dela azpimarratu dute oposizioko taldeek: "Udal Gobernua akordio batera iritsi da Eusko Jaurlaritzarekin Lanbide Gelma eraikinera lekualdatzeko. Garbi utzi gura dugu ez oposizioko alderdiok, ez zerbitzuko langileok, ez dugula inoiz Emakume Txokoa Gelman kokatzeko Lanbiderekin egindako akordioa bertan behera uzteko eskatu. Soilik, Emakume Txokoa Gelmara leku aldatuz gero, baldintza duinetan izatea eskatzen dugu. Lanbiderekin hitz egin eta adostutakoa berrikusteko eskatu genuen, eraikinaren lehen solairua bi zerbitzuren artean partekatu ahal izateko aukera teknikoki aztertu zedin. Halare, Berdintasun batzordean gestio horiek egiteko erabakia hartu zen aste berean, alkateak eraikinaren behe solairu osoa Lanbideri uzteko hitzarmena sinatu zuen langile eta oposizioari ezer esan gabe eta Berdintasun batzordean aho batez adostutakoari muzin eginez". Horren ostean, oposizioak jaso deuen erantzuna "ez dagoela ezer egiterik" izan dela adierazi dute, hitzarmena sinatuta dagoelako.

Pleno aretoan emakumeen erretratoak

Emakume Txokoaren tira-biraz gain, oposizioko ordezkariek adierazi dute zain daudela Udal Gobernuko kideei, pleno aretoan emakumezkoen erretratuak jartzeko. "Zain, aurrekontuetan generoak daukan inpaktua lantzeko; zain, herriko hirigintza genero ikuspegiz garatuko duen plan integral bat izateko; eta zain ere bai, biolentzia matxisten aurkako plana eta protokolo berriak onartzeko, bost urte baitira iraungita".

Proposamenak osoko bilkurarako

"Testuinguru honetan, iritsiko gara beste behin azaroaren 25eko egunera, alderdi guztien artean indarkeria matxistari aurre egiteko neurri zehatz eta benetakoak adosteko baldintzak betetzen ez direla, eta biharko udalbatzarra aprobetxatuko dugu zenbait proposamen egiteko". Besteak beste honakoak izango dira aurkeztuko dituzten proposamenak: udal aurrekontuak genero ikuspegiz lantzeko azterketa bat egitea; hirigintza feminismotik eraikitzeko plan integral bat; urtebeteko epean Emakume Txokoaren segurtasun arazoari konponbidea emateko eta abar.

Honekin batera, balioan jarri gura izan dute oposizioko ordezkariek Berdintasun saileko teknikarien lana, euren profesionaltasun, eskarmentu eta ahaleginari esker, zerbitzu duina ematen jarraitzen dutela azpimarratuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak