Dendako bezeroei esker euskal hiztegia osatzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko urr. 30a, 17:50

Abderrahim El Kitaoui Fajri, Udalatx fruta-dendan.

Euskaltegira joateko aukerarik ez duen arren, euskaraz bizi izatea da Abderrahim El Kitaoui Fajri marokoarraren ametsa, eta horretan dihardu, fruta-dendako bezeroen laguntzarekin euskarazko hiztegi pertsonala poliki-poliki gogoz eta ilusioz osatzen.

Iazko Euskaraldiak norbanakoen istorio polit asko azaleratu zituen, eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo duten bi-garren aldiak ere lagun askoren bizipenak ezagutzera emango ditu. Istorio txiki eta anonimo horiek euskal komunitatea osa-tu eta indartu egiten dute; izan ere, istorio txiki eta pertsonal guztiak beharrezkoak dira euskal komunitatearen erakusleiho aberasgarria osatzeko.

Abderrahim El Kitaoui Fajri

Orain dela zortzi urte Arrasaten bizi den marokoarra da Abderrahim El Kitaoui Fajri. Bi alabaren eta seme baten aita, eta, orain dela hiru urtetik, Arrasa-teko Garibai etorbidean dagoen Udalatx fruta-dendako jabea.

Euskara maite du, eta "integratzeko tresna baliagarria" da beretzat. Ez da sekula euskaltegira joan, eta dio etxeko txikiak eta dendako bezeroak dituela, bereziki, euskara irakasle. "Euskara gustatzen zaidalako hasi nintzen ikasten. Jende ona dago hemen eta asko laguntzen didate; jendearengana gerturatzen laguntzen dizu euskarak. Ez daukat eskolara joateko astirik, baina hitz eta esaera berriak ikasteko belarriak zabalik ditut beti dendan eta kalean. Etxean ere, emaztea eta biok semearen eta alaben laguntzarekin saiatzen gara euskarazko hitz berriak eta esaera gehiago ikasten".

Arabiera, euskararen truke

Belarriprest rola izan zuen aurreko aldian eta aurten ere hala egingo du, eta dagoeneko harro eta pozik du belarriprest dela erakusten duen txapa edo ikurra soinean jantzita.

Oraingoan, baina, pauso bat aurrerago eman du, eta Udalatx fruta-denda aurtengo Euskaraldiarekin bat egiten duten entitateen zerrendara batu du. "Bi lagunek egiten dugu lan dendan, eta, gure artean arabiarrez jar-duten dugun arren, bezeroekin ahalik eta euskara gehien erabiltzen saiatzen jarraitzea da gure asmoa".

Dendan salgai dituen produktu guztien izenak euskaraz esaten daki dendariak, eta erosketagatik ordaindu beharrekoaren zenbatekoa bezeroari euskaraz esaten ere abila da. "Ez dakizkidan euskarazko izenak eta bestelako hitzak bezeroei papertxo batean idazteko eskatzen diet, eta modu onez eta pozik egiten dute. Orokorrean, asko baloratzen dute egiten dugun ahalegina; egia da gertatu izan zaidala inoiz bezero bati euskaraz berba egin eta hari ez gustatu izana eta gaztelaniaz berba egiteko eskatzea berak, baina gutxienekoak dira horiek; orokorrean, txalotu egiten didate. Trukean arabieraz agurrak eta hitz solteak irakasten dizkiet hala eskatzen didaten bezeroei. Guztiok irabazten dugu trukean".

"Sekula ez da berandu"

Euskara ikastea zaila den galdetuta, zalantzarik barik, ezetz dio Udalatx dendako saltzaileak, eta poliki-poliki ahalegina egitera gonbidatu ditu kezka hori dutenak. "Sekula ez da berandu ikasten hasteko. Hiru urte daramatzat dendan eta asko ikasi dut bezeroen laguntzarekin. Egunean hitz bat ikasiz gero, hileko 30, behintzat, ikasiko dituzu, eta, urteko batez bestekoa eginez gero, 360 hitz berri dira".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak