Askoren zalantza, herritik kanpoko kultura ekitaldietara joaterik izango den

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 27a, 18:44

Gure Zirkuko une bat.

Eusko Jaurlaritzak emandako aginduen harira, hainbat zalantza izan ditzakete herritarrek, eta horietako bat da, herritar bat mugakide dituen herrietako kultura hitzorduetara joan daitekeen edo ez. Ezjakintasuna da nagusi, eta, bailarako talde ezberdinak erabaki bat hartzekotan daude. Kooltur Ostegunak ekimenaren antolatzaileak, esaterako, aurrera begira zer egin erabakitzekotan dira. Gure Zirkukoek, berriz, adierazi dute asteburu honetako ikuskizunekin aurrera egingo dutela, hasitakoa, nolabait, ondo bukatzeko.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur egindako agerraldian adierazi du, helburu nagusia gaixotasunaren hedapena saihestea eta kutsatzea mugatzea dela, eta beharrezkoak ez diren mugimenduak saihesteko deia egin du. "Ezarri den arauak esaten du mugatu dezagula ahalik eta gehien mugikortasuna herri batetik bestera, eta normalean bizi garen tokietatik, bizi ez garenetara. Jartzen duten salbuespenek zerikusia dute jarduera ekonomikoekin, ikaskuntza eta hezkuntza prozesuarekin, eta bakarka egin dezakegun ariketa fisikoarekin".

Gure Zirkuaren ikuskizunak

Gure Zirkuaren azken ikuskizunak egingo dira asteburu honetan, Arrasaten, eta Iker Galartza pailazoak adierazi du aurrera doazela emanaldiekin, eta, leihatilan sarrerak daudela salgai: "Emanaldia egin dezakegunez, egingo dugu. Hala ere, baja asko izango ditugu, eta, ez datozenei dirua bueltatuko diegu. Asmoa, hasitakoa bukatzea da. Ibai-arteko merkatariek egindako zozketa asteburu honetan dugu, eta, horregatik, zozketan parte hartu duten arrasatear asko izango direlakoan gaude. Horrekin batera, kanpotik etortzekoak diren ikusleen gainean, bestalde, Bingen Zupiriak esan du derrigorrezkoa ez bada, gomendatzen dugu… Jendeak esan digu Gure Zirkua terapia bat bezalakoa dela, eta, terapiara joan behar garela argudiatu beharko dugu. Ez gaude herrigunean, aparte gaude, aparkalekua bertan dago, distantziak errespetatzen dira…  Zalantzan dagoena animatu egingo nuke, eta, ezezkoan dagoena, errespetatu".

Edukierari dagokionez

Kultura-ikuskizunak egin ahal izango dira publikoarekin instalazio propioetan edo kirol-gune itxietan edo beste eraikin mota batzuetan, gehienez ere % 50eko edukierarekin, eta gehienez ere 400 pertsonarekin. Instalazioetan pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, nahiz eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izan. (Bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta).

Aire zabaleko kultura-jarduerak eta -ikuskizunak egitea baimentzen da, baimendutako edukieraren % 50eko gehieneko edukiera baimenduarekin, eta gehienez ere 600 pertsonara arte. Pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako neurri alternatiboak baliatuko dira. Maskara nahitaez erabili beharko da, nahiz eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia mantendu (bizikidetza-unitateen kasuan izan ezik, halakoetan ondoz ondoko eserlekuetan eseri ahalko dira eta). Ikus-entzuleak eserita egon beharko dira eta aulkia aurrez esleitzea eskatuko da. Artista-taldeei dagokienez, interpreteen arteko interakzioa baimenduta egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak