1 Formulako auto elektriko baten prototipoa ardatz duen proiektu bat babestuko du Arrasateko Udalak

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 21a, 16:57

EMUF Electric Mondragon Unibertsitatea Formula osatzen duen ikasle taldea 1 Formulako auto elektriko baten prototipoa garatzen ari da, Formula Student izeneko nazioarteko lehiaketarako. Arrasateko Udalak 3.000 euroko laguntza eman dio proiektu horri.

Formula Student lehiaketan parte hartuko dute lehenengoz Mondragon Unibertsitatean ingeniaritza, enpresagintza eta humanistiko ikasketak burutzen diharduten 24 ikaslek. Lehiaketa horretan mundu osoko unibertsitate desberdinek urtean zehar burutu dituzten ibilgailu elektrikoak aurkezten dituzte, 1 Formula ibilgailuen prototipoak, alegia.

2021eko abuztuan Bartzelonan egingo duten jardunaldi hori begiz jota dute. "Iazko ikasturtean jarri genuen martxan proiektu hau, eta orain lehen prototipo elektrikoa garatzen eta fabrikatzen ari gara. Ondoren, prototipo horrekin lehiatuko gara Bartzelonan", azaldu du Beñat Arregi da koordinatzaileak.

Partaideak, euren borondatez, eskola orduetatik kanpo, ari dira ibilgailua diseinatu eta fabrikatzen. Hori dela eta, Arregik taldekide bakoitzaren ekarpena jarri du balioan. "Orokorrean, proiektu honetan sartzen den orok konpromiso maila bat erakusten duela, iniziatiba eta jakin-mina asetzeko grina".

Ikasle moduan, bestalde, "oso esperientzia aberasgarria" izaten ari dela gaineratu du. "Niri dagokidanez, koordinatzaile moduan, asko nabil ikasten taldea gestionatzen eta proiektua aurrera eramaten. Bestalde, teknikoki ere, prototipoa garatzen egoteak ekarpen handia egiten digu, klasean ikasten dugunaz gain".

Arrasateko Udalak babestutako proiektua

Ikasleek, 2020 eta 2021 urteetarako, 31.580 euroko aurrekontua dute proiektua gauzatzeko. "Arrasateko Udalak 3.000 euroz lagundu du, eta babesletza horrek Gold Sponsor izaera emango dio, urrezko babesle izaera", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Udalaren 2020/2023 Plan Estrategikoan "ekintzailetza eta ikerkuntza gazteen artean sustatzea" da ildo nagusia, eta proiektua bera pausu garrantzitsua denez herriaren garapen ekonomikoan, ekologikoan, jasangarrian eta sozialean, udal gobernuak erabaki du proiektua babestea eta sustatzea. "Gazteak dira, ekintzaileak, gogo handiarekin lanean dihardutenak, eta energia berriztagarrien alde lanean ari direna, auto elektriko batekin. Beraz, uste dugu ikusgarritasuna ematen diola unibertsitateari eta herriari, orain arte horrelako lehiaketa batean parte hartu barik geundelako. 24 gazteko talde bat da, neska zein mutil, eta horregatik ere garrantzitsua da apustu hau guretzat", gaineratu du alkateak.

Horrez gain, nabarmendu du Europako proiektu batean dagoela Udala, "karbono baxuko eredu baterantz" pausoak ematen joateko eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko. "Proiektu honek bat egiten du helburu horrekin".

Azkenik, balioan jarri du elkarlan publiko-pribatua: "Ekimen honen parte dira administrazioa, hezkuntza eta enpresak. Proiektu honek aurrerapauso ugari lortu dezake ibilgailu elektrikoen paradigman, eta zuzenean eragingo die gure herriaren ongizateari eta ingurunearen babes eta jasangarritasunari. Etorkizuna proiektu partekatua da guztiontzat eta era kolaboratiboan landu beharrekoa. Ezbairik gabe, hau da bidea, eta Arrasateko Udala bidelagun izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak