Laubide eta Biteri aparkalekuak, besteak beste, eztabaidaren erdigunean

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 6a, 22:08

Aparkalekuak APK76 Aparcamientos enpresak kudeatuko ditu aurrerantzean, Construcciones Muriasek ardura horri uko egin ostean. Udal Gobernuak dio "eskuak lotuta" dituela 2056. urtera arte eta oposizioak, aldiz, konponbideak bilatzeko borondate falta egotzi dio.

"2003an ezker abertzalean gobernuan zegoenean, herriko bi aparkalekuak pribatizatu egin zituen eta emakida 50 urtetara atera zuen. Beraz, 2056. urtera arte eskuak lotuta ditugu. Muriaseko ugazaba zendu egin da eta badirudi seme-alabek ez dutela gura negozioarekin jarraitzea. Beraz, APK76 Aparcamientos enpresari egingo dio kontzesioa", azaldu du Maria Ubarretxena alkateak.

EH Bildu, "erantzukizunagatik", abstenitu egin da. "Gure garaiko kontratu bat da. Egia da hamazazpi urte pasatu direla eta beste baldintza batzuetan egin zen kontratu bat dela. Hala ere, momentu hauetan faltan sumatzen dugu negoziazio bat Udalaren partetik, ikusteko ze gaitasun dauden publiko bihurtzeko eta baliabideak bideratzeko horretara", dio Maider Morras bozeramaileak.

Elkarrekin Arrasate udal taldeko Igor Urizarrek azpimarratu du 2003koa "akats larria" izan zela, baina horrek ez duela justifikatzen gaur egun horrela jarraitzea. Hori dela eta, kontra bozkatu du. "600 aparkaleku hilda ditugu, herrian aparkalekuekin sekulako arazoa daukagunean, eta Udal Gobernuak ez du borondaterik erakusten arazoari konponbidea emateko".

Musakolan, herri eskola berria

Musakola esparruko hezkuntza ekipamenduko partzelen hiri antolamendurako plan berezia onartu dute. "Musakolan urteetan herri eskolak aldarrikatzen zuen eskola berri bat. Halere, hori eraikitzeko, patioan zegoen transformadore bat traba zen. Gai hau urteetan blokeatuta egon ostean, aurreko legealdian bota genuen, azkenean, transformadorea eta Eusko Jaurlaritza proiektua egiten hasi zen. Esparru hori, beraz, aldatu egingo da, eskola berria eraikitzeko, eta hori oso berri ona da Arrasaterendako", azpimarratu du alkateak.

Adikzioen prebentziorako plana, onartuta

2020-2024 aldirako plana ere onartu du gaur udalbatzak, EAJren eta PSE-EEren botoei esker. Hala ere, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira, 2008ko planaren berdina dela eta inbertsio gehiago behar direla argudiatuz. "Ez da interbentziorik egingo eta menpekotasuna sufritzen duen pertsona bati ez zaio gizarte laguntzailerik eta osasun zerbitzurik bideratuko eta hori da behar dena. Hutsune bat dago hor, herriak eskatzen duena. Herri honetan arazo larri bat dugu gai honekin eta ez da diru gehiago bideratuko horra", dio Morrasek.

Ander Garai zinegotziaren baja

EH Bilduk, bestalde, Udal Gobernuari leporatu dio Ander Garai zinegotzia ia bi hilabete egon dela bajan –aita izan da–, eta alkateak ordezkatu duen arren, "batzorde bat bera ere" ez dutela egin. "Ez ogasunean, ez pertsonalean ezta kirolean ere. Zine barik egon gara orain arte, Mojategiko komunak eta aldagelak itxita daude, izapideak ez dira bete eta beste hainbat gauza. Kudeaketa oso txarra izan da", dio Morrasek.

Zinegotziak erantzun dio alkateak ondo ordezkatu duela bera, eta Udal Gobernuak "orain arte moduan" funtzionatu duela azpimarratu du, "inongo arazo barik".

Hezkuntza publikoaren gaineko mozioa atzera bota du Udal Gobernuak

Elkarrekin Arrasate Udal taldeak mozioa aurkeztu du, "hezkuntza publikoa defendatzeko eta ikasgeletara buelta segurua bermatzeko". Urizarrek azaldu du historia garaikideko krisirik handiena dela hau eta ikasleak, irakasleak eta hezkuntza komunitatea "alde batera" utzi dituzte instituzioek. "Beraz, mozioan eskatu dugu ratioak jaistea, osasun baliabideak bermatzea, ikastetxeen mantenua. EH Bilduri eskertzen diogu aldeko botoa eta guk jarraituko dugu gure aldarrikapenak hezkuntza publiko eta kalitatezko baten alde".

Ubarretxenak gaineratu du mozioan eskatzen ziren puntu gehienak Eusko Jaurlaritzari dagozkiola. "Ikastetxe guztiekin harremanetan gaude eta pare bat ikastetxek eskatu digute La Merced eraikina ikusi gura dutela, esaterako, heziketa fisikorako espazio moduan erabiltzeko. Esan moduan, etengabeko harremanetan gaude hezkuntza komunitatearekin, beraz, lekuz kanpo zegoen mozioa".

Grupo San Juan, eztabaidaren erdigune

Galdera-erantzunen tartean, EH Bilduk leporatu dio Udal Gobernuari Juan Arzamendi Musika Etxearen lanen abalaren gaineko informazioa prentsa bidez jakin izana, eta ez batzordeetan. "Udal Gobernuak azken osoko bilkuran publikoki adierazi zuen argi eta garbi ikusten genuela abal horrekin geratzeko arazorik ez genuela ikusten", erantzun die Anuska Ezkurra bozeramaileak.

Gero, Ekobulebar proiektuaren baitan Udal Gobernuak Grupo San Juanen egin asmo duen esku-hartzearen gaia atera du EH Bilduk. "Bizilagunen gehiengoa ez dago ados arkua eraistearekin, Udal Gobernuak hala aitortu ez arren. Gainera, genero perspektiban oinarritu dira proiektua defendatzeko eta hori oso larria iruditzen zaigu", dio Morrasek.

Alkateak, aldiz, adierazi du gai horiek batzordeetan lantzen direla eta osoko bilkuretara landuta joaten direla. "Gu ez gara konfrontazioaren aldeko alderdi bat eta herritarrek ere ez dute konfrontaziorik nahi. Herritarrek gura dutena da alderdien arteko lankidetza. EH Bildu horretan saiatzen den arren, gurekin ez du lortuko".

Ezkurrak zera gaineratu du: "40 urtetan ez da hirigintzako inongo eskuduntzarik egin, ahaztuta egon da. Behar bat ikusi dugu eta proiektu horren baitan hainbat aldaketa aurreikusten ditugu. Bizilagun ezberdinekin bilerak egiten ari gara eta haien artean ere iritzi kontrajarriak dituzte. Beraz, esaten dieguna da haien artean ere hitz egin dezatela. Guztien iritziak aintzat hartzen ari gara eta berriro ere bilduko gara haiekin. Adostasun batera heltzea da asmoa. Proiektuan idatzita dago eraisketa bat, Biteri estatuaren lekualdatzea edota zuhaitzak ez ukitzearena, ulertzen delako, proiektuaren osotasunerako ona dela, baita Grupo San Juanerako ere. Gaur egun proiektua horrela dago, bai, baina oraindik hitz egiten ari gara eta ikusiko dugu zer gertatzen den".  

Atzoko atxiloketak ere hizpide

Galdera-erantzunetako azken gaia atzoko atxiloketena izan da, "osoko bilkurako lehen puntua" izan beharko litzatekeen arren, Morrasen esanetan. "Udal Gobernutik adierazpen bat bera ere ez dute egin. Oso berri txarra da, atzerapauso galanta, garaiz kanpo, eta sufrimendua besterik ekartzen ez duena".

Ubarretxenak nabarmendu du bizikidetzan ez dutela laguntzen halako ekintzek. "Kontziente gara atxiloketa hauek ez dutela laguntzen herriko bizikidetzan. Bizikidetza batzorde bat daukagu eta batzorde horren lanketari eutsiko diogu guztiok aurrera egin dezagun arlo horretan".

Urizarrek, azkenik, zera gaineratu du: "Estatuko segurtasun indarrak eta epaileak badakigu nondik datozen. Eskuin muturreko ideologiarekin bizikidetza oztopatzen dihardute behin eta berriz, zaurietan sakontzen eta berriro zabaltzen. Beraz, demokraton eginbeharra da hau goitik behera arbuiatzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak