Puro Relajo taldeak kontzertu bikoitza eskainiko du urriaren 17an

Hasier Larrea 2020ko urr. 5a, 11:00

Puro Relajo Herriko Plazan, iazko martxoko emanaldian.

Iazko arrakasta ikusita, Ibai-Artek berriro deitu dio talde nafarrari Herriko Plazako oholtzan mariatxi doinuak interpreta ditzan. Lehen emanaldia 13:00etan hasiko da; bigarrena, berriz, 19:00etan.

Arrasateko merkataritza elkarteak kulturaren aldeko ekimenak antolatzen dihardu buru-belarri. Pasa den zapatuan plaza nagusia trikiti eta pandero doinuek hartu bazuten, urriaren 17an Mexikoko erritmo itsaskorren eta euskal kanta klasikoen txanda izango da. 

Gauzak horrela, bi kontzertu eskainiko ditu Puro Relajok. Eguerdiko 13:00etan emango zaio hasiera lehenari, eta arratsaldeko 19:00etan bigarrenari. Interesa duenak, doako sarrerak erreserba ditzake merkataritza elkartearen webgunean. 

Ibai-Artek ikusten du arrazoirik mariatxi taldearen emanaldi bikoitza programatzeko: alde batetik, Covid-19a dela eta bete beharreko babes eta higiene neurriak bermatu nahi dituzte, eta bestetik, iazko martxoan lortutako arrakasta ikusita, ahalik eta herritar gehienei eman nahi die ekimenaz gozatzeko aukera. 

Kontzertua Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntzarekin antolatu du Ibai-Artek. 

Bazkide izan ez arren, elkartearen edozein ekimenetan parte hartu nahi duenak 688734149 zenbakira deitu dezake. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak