Mimo handiarekin gertatu du Sorginak taldeak Arrasaten eman duen kontzertua eta herritarrek eskertu egin dute hori: "Trikitixa Eskolakoek eskatu zigutelako hasi ginen gertatzen eta horregatik igo gara oholtzara", adierazi du Irati Gutierrez arrasatearrak. Emozio handiarekin bizi izan dutela onartu du: "Dena berria zen guretzat: bizi dugun egoera hau, gu berriro elkartzea… Eta gozatu handia hartu dugu hemen, etxean jota".
Kepa Junkera izan dute gogoan, haren bueltan sortutako taldea izanik: "Gu ezagutzen ginen aurretik, baina berak elkartu gintuen. Berak erakutsitakotik abiatu gara eta esperimentatu ere egin dugu gaur". Eta eskerrak eman dizkie gerturatutakoei, eguraldi kaskarraren aurrean ere, plaza bete egin dutelako.
Arratsaldean, 19:00etan, Galiziatik etorritako Tanxugueiras taldearen txanda izango da, eta eguna borobilduko du, Amak taldearen kontzertuak, 21:00etan. Azken hiru abestiak hiru taldeek elkarrekin jotzeko asmoa dutela adierazi dute.
Herriko kulturari babesa
Arrasateko Trikitixa Eskolaren burutazioa izan da trikitiaren bueltako jaialdia antolatzea: "Gure eskolaren berri emateko hainbat ekimen egin izan ditugu baina aurten ezin halakorik antolatu, eta hortik etorri da ideia", adierazi du Trikitixa Eskolako zuzendaritzako kide den Antton Gutierrezek.
Ibai-Arte merkatarien elkartera babes eske joan ziren eta baita lortu ere: "Kultura oso larri dabilen une honetan guk ere hor egon beharra geneukan, alboan, laguntzen", esan du Ibai-Arteko presidente Jon Apraizek.