Udazken hasiera, liztor kabiak atzemateko une aproposa

Hasier Larrea 2020ko ira. 24a, 16:04

Liztor beltzaren kabia.

Dagoeneko 33 liztor beltzen kabi deuseztatu ditu espezie inbasore honen aurkako Udal kanpainak. Aurten ugaritu egin da liztorren presentzia, neguko tenperatura epelak direla eta.

Vespa Velutina edo liztor beltzaren aurkako kanpaina bere fruituak ematen dabil pixkanaka. Kasu horretan kabien deuseztatzearen alde egiten dute Udaleko langileek, eta iraila hasi zenetik 33 kabi suntsitu dituzte. Bertako liztorren habien kasuan, aldiz, tokiz aldatzea lehenesten dute, espezie hauek errespetatu eta zaintzeko asmoarekin. "Kabi hauek oso handiak direnean edo gure irismenetik urrun aurkitzen direnean bakarrik suntsitzen ditugu; oraingoz 33 kabitan interbenitu behar izan dugu", adierazi du Xabier Herrarte Udaleko langileak. 

Udazkena hasi denez, zuhaitzak hostoak galduz joango dira eta ondorioz, liztorren habiak errazago ikusiko dira. Horregatik, Udalak kabien detekzioan laguntzeko mezua luzatzen die herritarrei, BAZera (943252000), Udaltzaingora (943252010) edo Udal teknikariaren telefonora (628115673) deituz. 

Aurten, iaz baino liztor gehiago

Jakina da negu leunak espezie guztien ugaltze oparoa ahalbideratzen duela. Urtarorik hotzenak tenperatura arinak utzi ditu aurten, ondorioz, udaberrian nabarmen igarri da liztorren presentzia,  iaz baino 1342 erregina harrapatzeraino. Gauzak horrela, eta herritarren abisu mordoa jaso ostean, 3773 liztor erregina atzeman ziren Arrasaten udaberrian zehar.  

Udara hasieran, ordea, lasaitasun puntu bat nagusitu zen gai honi dagokionez, baina abuztuaren hasieratik aurrera liztorren jazarpena nabarmen handitu eta etxe barruetara sartu ziren asko. 

Azpimarratu behar da espezie guztietako liztorrak ugaritu direla, bai asiarrak edo Vespa Velutina-k, baina baita bertakoak diren beste espezie desberdinak ere, Vespa Crabro (asiarra baino handitxoagoa), Vespula Germanis edo Vespula Bulgaris, azken bi hauek liztor arruntak bezala ezagutzen ditugunak.

Liztorren bizi-zikloa

Iraila eta urria dira liztorren koloniak aktibitate gorenean dauden hilabeteak. Garai honetan sortzen dituzte hurrengo urtean kabiak egingo dituzten erregina berriak. Horiek jaio eta egun batzuetara heldutasun sexualera iristen direnean, habiatik irten eta bakoitzak 8-10 liztor-mandorekin “liztor arrak” ernalduko ditu.

Ondoren negurako prestatzen dira, ahal bezain azkarren erreserbak pilatuz eta enbor, pareta edo lur azpian babestuta mantenduko dituzten zuloa bilatuz. "Hortaz, esan genezake orain dela une egokia kabiak bilatu eta deuseztatzeko" adierazi du Herrartek.

Azaroa eta abendua artean koloniak bizirik iraungo duen arren, negurako hilko dira erregina zaharra eta langile denak. Ordurako kolonia bakoitzak duen ugaltze helburua beteta izango du, horregatik komeni da udazken hasiera honetan deuseztatzea liztor beltzen kabiak.

Kabi zaharren kasuan, beti da lagungarria kentzea, batez ere hurrengo urtera begira ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak