Herriko merkatariendako dirulaguntza lerro berria aurkeztu du Udalak

Eneko Azurmendi 2020ko ira. 16a, 13:22

Tokiko merkatarientzako dirulaguntza lerro berri bat jarriko du martxan Arrasateko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta COVID-19aren pandemiaren eraginez egin behar izan dituzten inbertsioei aurre egitea da laguntza horien helburua.

Maria Ubarretxena alkateak azaldu duenez, COVID-19aren pandemiaren eraginez asko sufritu dute, besteak beste, ostalari eta merkatariek. "Manparak, gelak, maskarak eta bestelakoak erosi behar izan dituzte garai hauetan, eta normalean edukitzen ez dituzten gastuei aurre egin behar izan diete. Hori dela eta, dirulaguntza hauen helburua da bezero eta erosleen osasuna bermatzeko segurtasun neurriak betetzeko egin dituzten inbertsioak finantzatzea".

Material hauek hartuko dituzte kontutan laguntzak ematerakoan:

  • BEP (babes ekipo pertsonalak).
  • Espazioak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak.
  • Salgaiak higienizatzeko produktu eta ekipo bereziak.
  • Bezeroak eta establezimenduko langileak babesteko instalazio eta ekipo bereziak.
  • COVID 19 pandemiagatik publikoa artatzeko establezimenduan ezarri beharreko higiene edo eta babes neurri bereziekin lotutako bestelakoak.

Laguntzak, halaber, euren zerbitzua emateko bezeroak aurrez-aurre artatzen duten establezimenduei zuzenduta daude, COVID 19ri lotutako alarma-egoeran itxita egon direnak, edota zabalik egon direnak baina aurreko urteko epealdi berarekin alderatuta, gutxienez, %40ko fakturazio beherakada jasan dutenak.

112.822 euroko laguntza

Kopuruari dagokionez, 112.822 euro bideratuko dituzte herriko merkatariendako. Arrasateko Udalak 50.000 euro jarriko ditu eta Aldundiak, berriz, 62.822 euro. "Beraz, laguntza potoloa izango da eta 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera komertzio edo establezimendu bakoitzak egin duen inbertsioaren %50 finantzatuko da. Hori bai, establezimendu bakoitzak 500 euroko laguntza jaso ahal izango du gehienez", azaldu du Ubarretxenak.

Irailaren 18an publikatuko dira buletinean, eta orduan hasiko da eskaerak egiteko epea. Alde batetik, online egin ahal izango dira eskaerak, arrasate.eus webgunean. Bestalde, BAZen ere egongo da horretarako aukera. Urriaren 18an izango da azken eguna.

Merkataritza eta ostalaritzaren garrantzia "handia"

Imanol Lasa sustapen ekonomikorako diputatuak gogorarazi du merkataritza txikiak eta ostalaritzak Gipuzkoako ekonomian "pisu eta garrantzi handia" dutela: "Barne Produktu Gordinaren %16 baino gehiago dira, zerbitzuetako enpleguan 40.000 lanpostutik gora sortzen dituzte, eta beste sektore batzuk dinamizatzeko gaitasun handia dute".

Aldundiak, guztira, 2.000.000 euro bideratu ditu sektoreari laguntzeko. "Krisia sektore guztiei eragiten ari da, baina sektore guztiak ez dabiltza berdin krisitik ateratzeko bidean. Beraz, ikusi behar dugu nolako bilakaera izaten duen egoerak eta horren araberako neurriak hartu", azaldu du Lasak.

Bestalde, hiru K batzen dituen ideia azpimarratu gura izan du Lasak. "Batetik, konfiantza. Gure egunerokoan joaten garen dendekiko eta ostalariarekiko. Guk haiengan konfiantza izan behar dugu, haiek ere konfiantza eskaintzen digutelako eta gauzak oso txukun egiten dituztelako, protokolo eta segurtasun neurri guztiak betez. Bestetik, konpromisoa. Erakundeen eta sektorearen konpromisoa nabarmena da, herrigintzan ari gara eta krisi honetan ere konpromisoz jardun beharra daukagu, bakoitzak bere alorrean. Azkenik, kontsumoa. Herriko produktuak kontsumitu behar ditugu, gureak". 

"Beharrezkoak eta eskertzekoak"

Ibai-arte Arrasateko merkatari elkarteko kideek eskerrak eman gura dizkiete Arrasateko Udalari, baina baita arrasatearrei eta inguruko herritarrei, "laguntza handia jaso dugulako eta asko etorri direlako gure komertzioetara". Hala, horrela jarraitzeko eskatu diete. "Izan ere, Arrasaten izugarrizko aukera dago eta dendariak produktu berriak ekartzen ari dira. Bezeroei konfiantza eta segurtasuna eskaintzen saiatzen ari gara, eta horrela jarraituko dugu aurrerantzean ere. Egoera zaila izan arren, ilusioz gaude eta lanean jarraitzeko gogoz. Beharrezkoak eta eskertzekoak dira dirulaguntzak". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak