Taberna itxita egon da aurreko aste osoan. Azken aldian ostegunetan, barikuetan eta zapatuetan zabaltzen ari ziren taberna, eta irailaren 5a izan zen taberna zabaldu zuten azken eguna.
"Berez martitzenetik domekara zabaltzen dugu, baina konfinamendu ostetik astean hiru egunez zabaltzen dugu. Une honetan bi langile ari gara lanean, eta gainontzekoak ERTEan daude. Bi horietatik bakarrak du positibo" azaldu dute.
Esan bezala, irailaren 9an baieztatu zuten zerbitzariaren positiboa. Jakin bezain pronto, harekin harremana izan zuten lagunen zerrenda osatu zuten, protokoloak agintzen duen gisan: sintomak eduki baino 48 ordu lehenago, bi metro baino gutxiago, 15 minutuz baino gehiago...
Hala, une honetan "17-18 dira" zerrenda horretatik abiatuta posibitibo eman dutenak. Guztiak isolatuta daude ordutik. Lehen PCR proban negatibo eman duten batzuk ere isolatuta daude, bigarren PCRa egin eta negatiboa birkonfirmatu arte. Diotenez, positibo horiek zerbitzariaren gertuko lagunak dira: "Orain arte kuadrillako eta gertuko lagunek eman dute positibo. Kuadrillakoak edo gertukoak ez diren tabernako bezeroengan ez dugu oraindik positiborik detektatu".
"Kontu handiz aritzea beharrezkoa da. Guk neurriak ondo betetzeko ahalegina egin dugu, baina hori ez da nahikoa kutsatzerik ez egoteko".