30 euroko 7.523 erosketa bonu gehiago eskuragai, urriaren 31ra arte

Xabi Gorostidi 2020ko ira. 7a, 15:49

Txikiak egiten gaitu handi kanpainaren baitan 15.000 bonu zirkulazioan jartzea erabaki zuen Udalak. Lehen txandan 7.859 bonu saldu ziren, eta, orain, gainontzeko 7.141 bonuak jarriko dituzte eskuragai –aurrekoan hartu zutenek berriz har dezakete–. Horiez gain, beste 382 bonu gehiago jarriko dituzte, Arrasateko EAJk Udaletik jasotzen duen diruaren zati handi bat erosketa bonuetara bideratzea erabaki eta gero. 

Laguntzak aurrekoan bezala funtzionatuko du. Herritarrek 10 euroko jarriko dituzte, eta horren truke herriko saltokietan erabiltzeko 30 euroko bonua jasoko dute, hiru txarteletan banatuta: 5 euroko bat, 10 euroko bat eta 15 euroko bat. Laguntza baliatzeko beharrezkoa izango da Arrasaten erroldatuta egotea eta familia unitateen arabera bonu bat edo bi eskura daitezke: bi pertsonako familia unitatea, bonu bat; hiru kide edo gehiagoko unitateek, bi bonu. 

Arrasateko establezimenduetan soilik erabili ahal izango dira: dendak, tabernak edo zerbitzuak. Kanpainatik kanpo geratuko dira azalera handiko saltokiak, loteria eta bestelako joko establezimenduak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak eta janari dendak. Urriaren 31ara bitarte eskura daitezke bonuak Udalean bertan eta BAZen.

"Herritarren eta merkatarien aldetik oso harrera ona eduki dute bonuek. Herriko saltokiekin elkarlanean garatu dugu bonu kanpaina, beste hainbat laguntza lerro eta tasa salbuespenak aplikatzearekin batera" azaldu dute Udal iturriek.

Orain arte saldutako bonuei esker 235.770 euroko eragin ekonomikoa sortu da, horren %66a –155.608 euro– Udalak finantzatu duelarik. Bonu guztiak salduz gero, eragin ekonomikoa 450.000 eurora helduko litzateke, eta EAJk egindako ekarpenarekin 466.460 eurora.

Erosketa bonuen neurria iragartzerakoan, Arrasateko EAJk oharra atera zuen. Udaletik alderdi politiko gisa jasotzen zuten asignazioa –9.000 euro– krisia arintzera bideratuko zutela jakinarazi zuten, eta gauza bera egiteko eskatu zieten gainontzeko alderdiei ere. Handik gutxira, 500 bonu gehigarri jartzera bideratuko zutela esan zuten, eta azkenean  382 erosketa bonu gehigarri izango direla jakinarazi dute, 7.640 euro bideratuz. Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdiek ez dute halako neurririk hartu. 

Laguntza gehiago

Erosketa bonuez gain, komertzioentzako beste laguntza ildo batzuk iragarri zituen Udalak martxan: herrian erosteko kontzientziazio kanpaina eta itxita egon diren hamabost langile edo gutxiagoko enpresei 2020ko lehen sei hilabeteetako ur, zabor eta mahai eta aulkien tasak ez kobratzea.

Laster beste lerro bat jarriko dute martxan, komertzioei higiene neurriek eragindako gastuak arintzeko helburua duena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak