Arrasateko EAJk jakinarazi duenez, koronabirusaren aurkako jardueretara bideratuko du udalbatzan egoteagatik dagokion diru-kopurua, eta beste alderdiek ere gauza bera egitea planteatu du. Udalbatzan ordezkaritza duen alderdi bakoitzak diru-kopuru bat jasotzen du hilean, eta zinegotzi bakoitzagatik, beste bat. Lau alderditako 21 zinegotzik osatzen dute Arrasateko udalbatza.
Hala, EAJtik diote alarma egoerak iraun bitartean denek ere diru horri uko egingo baliote, ia 29.000 euro bideratu ahal direla pandemiaren eragina gutxitzera. Jeltzaleek emandako datuen arabera, EAJri 10.800 euro egokituko litzaizkioke; EH Bilduri, 9.400 eurokoa; PSE-EEri 5.400 eurokoa; eta Elkarrekin Podemosi 3.800 eurokoa.
“Uste dugu Alderdi Politiko guztiei dagokigula nolabait gure alea jartzea eta horregatik, gure udal taldearen erabakia izan da hilero jasotzen dugun diru-kopuruari, bai alderdi politikoarenari baita zinegotzi bakoitzarenari ere, uko egitea eta diru hori COVID-19-ak eragindako egoerari aurre egiteko bideratzea”, adierazi du Arrasateko EAJk.