Pedro Biteriren ekarpena zizelkatzen duen ikurra

Xabi Gorostidi 2020ko ira. 7a, 11:15

50 urte bete dira Pedro Biteriren omenezko eskultura jatorrizko kokalekutik kendu zutela. Jarri aurretik, lehiaketa bat egin zuten diseinua aukeratzeko, eta herritarren artean diru bilketa bat ere egin behar izan zuten Arrasateko ongilea omentzeko.

Jakina da Pedro Biterik Arrasateko herriari egindako ekarpena zabala eta probetxuzkoa izan zela. Honela laburbildu dute Arrasate Zientzia Elkartekoek (AZE): "Bere luzetasunari esker, Esteban Garibai historialariaren etxea berreraiki zen; Arrasatek lorategi publiko bat izan zuen, musikarako bere kioskoarekin; burdinazko eta kristalezko hornikuntzen plaza bat; eta eskola batzuk, non, lehen aldiz, haurrak haurrentzako propio pentsatutako eraikin batean hezi ziren, jolasleku, frontoi eta pixatokiekin; baita bertan lan egingo zuten irakasleen lana ordaintzeko dotazioa ere. Gogoratu behar da Marrazketa Eskola bat ere sartu zela eraikinean, ondo hornitua, hiriko lehen eskola profesionala izan zena". "Ez zuen herentzia nori pasa, eta herriari dohaintzan eman ezean Ogasunak kenduko zion guztia; beraz, ondo egin zuen", dio elkarteko kide Ana Isabel Ugaldek.

Finantzaketa eta diseinua

Herriko seme kuttun izendatu, eta bere izena jarri zioten eskolak eta belardiak hartu zituen kaleari. Horrez gain, haren omenezko estatua jartzeko komisioa sortu zen Arrasaten, alkatea buru.

Gipuzkoan bederatzi ikastetxe sortu arren, haren omenezko monumentua jartzeko orduan Gipuzkoako Aldundiak ez zuen dirurik jarri. Udalak eta herritarrek jarritako diru ekarpenekin finantzatu zuten.

Hasieran, diseinua Isidoro Uribesalgo aretxabaletarrak egin behar zuen, baina Manuel Martinez Ubagok ere proposamen bat aurkeztu zuen. Uribesalgok zirriborroa eta maketa aurkeztu zituen, baina ez zuen aurrera egin, besteak beste garestiegia zelako. Egoera ikusita, lehiaketa publikoa deitu zuten, eta Gasteizko katedralean lanean zebilen hirukote bat izan zen irabazle: Juan Pique, Emilio Molina eta Jose Riu, hain zuzen.

Estatuaren sinbologia

Mutil eta neska gazte bana daude bertan, liburu batekin ikasten. Euren ondoan gizonezko langile bat dago, ikasketek lana eta aurrerapena dakartela irudikatuz, eta horrek eskerrak ematen dizkio Biteriren busto errealistari. Keinu horrek lotura du monumentuari jarri zioten izenarekin: Esker ona.

Duela 50 urte aldatu zuten lekuz

1911n jarri zuten ikurra, Biteri etorbideko eskola parean. Han egon zen 1970era arte, BBVA dorreko lanengatik kendu zuten arte. Urtebetez egon zen udal biltegi batean, eta ostean jarri zuten egun dagoen plazan. AZE aspalditik ari da eskatzen ikurra Biteri etorbidean jartzea –Aldedi parean–. Udala prest zegoen, baina bertako bizilagun batzuek ez dute estatua kentzerik nahi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak