Manu Gomezen lehen pelikula gaur hasi dira grabatzen, Arrasaten

Xabi Gorostidi 2020ko abu. 31a, 09:28

Ferrerias kalean manifestazio bat irudikatu dute.

Zinegile arrasatearrak jaioterrian ekingo dio bere lehen pelikularen grabaketari. Erase una vez... Euskadi du izenburutzat, eta 12 urteko lau lagunen pasarteak kontatuko ditu, 80. hamarkadako testuingurua oinarri hartuta. Garai horretan Arrasaten existitu ziren bi komertzio azalduko dira filmean –King's ileapaindegia eta Aitor elektratresnak– eta horiek irudikatzeko herriko bi komertzio huts moldatu dituzte. 

Gaur, astelehena, Arrasateko Ferrerias eta Erdikokale kaleetan ohikoa baino mugimendu handiagoa egongo da, gaur hasiko baitira Erase una vez... Euskadi pelikularen grabaketa lanak. Aktore, produktore eta bestelako parte-hartzaileen artean 100 lagun inguru arituko dira filmatze lanetan.

Lan-taldeko kideak, gaur goizean, Ferrerias kalean muntatu duten King's ileapaindegian.

Ferrerias kalean –konkretuki, Jovi margo denda ohia zegoen lokalean– King's ileapaindegia irudikatzeko grabaketak egingo dituzte, eta jada dena gertu dute. Duela astebete hasi ziren dekoratuak 1980ko hamarkadara egokitzen, –paretetako papera, aulki eta ile-lehorgailu zaharrak, garaiko afixak...– eta kanpo aldeko erakusleihoa ere gertu dute. 

Ferrerias kalean zegoen Jovi margo denda ohia, King's ileapaindegia izateko atondu dute. 

Erdikokalen, aldiz, elektratresna denda bat irudikatuko dute –Aitor elektratresnak–; konkretuki, Modas Mercheren lokal ohian –San Juan Bataiatzailea eta Zur-Lur denden artean–. Bertako dekoratuak ere oso aurreratuta dituzte, erakusleihotik errez ikusten baitira 80. hamarkadako telebistak, irratiak, eta musika-erreproduzitzaileak. 

Modas Merche zegoen lokala, Aitor elektratresna denda bihurtuta. Ezkerretik lehena, Manu Gomez zuzendaria. 

Esan bezala, 12 urteko lau gazteren pasarteei buruzko filma da, atze-aldeko oihalean 80. hamarkadako Euskal Herriko bizimodua izango duena. "Euskal Herri zahar, borrokatzaile eta aztoratu bat irudikatuko du; labirinto moduko bat, non gomazko pilotek eta askatasun ametsek graffitiz betetako pareten kontra jotzen duten" azaldu dute pelikularen ekoizleek.

Manu Gomez

Madrilen bizi den Manu Gomez arrasatearra da filmaren zuzendaria, eta rol horretan egingo duen debut lana izango da. Aurrez, besteak beste, zuzendari gisa aritu da laburmetraiak grabatzen –2012. urteko Das Kind, esaterako– eta gidoilari eta zuzendari-laguntzaile bezala ere aritu da hainbat telesailetan eta pelikulatan: El gran marciano, Al alcance de su mano, En la ciudad sin límites, Los Borgia, El capitán Trueno y el Santo Grial,  Yoyes, Todas hieren, The world is not enough, La que se avecina, Aquí no hay quien viva edo La Fuga, besteak beste. 

Manu Gomez zinegilea. (Argazkia: La Canica)

"Nire haurtzarora eta hezten ikusi ninduten kaleetara hurbilduko nauen pelikula da hau. Honen helburu nagusia, lau haurren begiradatik 1980ko hamarkadako Euskadi erakustea izango da; arrasto sakona utzi baitzuen garai horiek bizi, gozatu eta deitoratu genituen artean " azaldu du Gomezek. 

La Canica ekoiztetxeak ekoiztu du pelikula. 2010ean sortu zen, eta ordutik zinegile gazte eta hasiberrien aldeko apustua egin izan du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak