Traben gainetik, kultura gozagarri

Aitziber Aranburuzabala 2020ko uzt. 17a, 18:12

Kultura arloko profesionalek formula berriak sortu behar izan dituzte lanean jarraitu ahal izateko, eta asmatu dute; horren erakusle, Debagoieneko herri guztietan dagoen eskaintza oparoa ikus-entzuleen partetik izaten ari den "harrera ona eta eskertua".

Ikuskizunen guneak hesituta, aurrez hartutako sarrerekin eta eserlekuetan jarrita, maskarak soinean, gelak eskuragarri eta distantziak gordeta; hori da Debagoieneko kultura ikuskizunetan ere egunotan ikusten den argazki orokorra.

Ikusleak, "jarrera onarekin"

Egoera berrira moldatu behar izan dute ikusleek ere, eta, orokorrean, "jarrera ona" dutela ikusi dute antolatzaileek. "Jendearen jarrera bikaina da, oso ulerkorra da egoerarekin, eta esandakoa ondo betetzen dute. Ekitaldi bakoitza guretako erronka bat da, gune bakoitzak edukiera zehatz bat du eta horren arabera banatzen ditugu sarrerak, baina eguraldiaren eraginez azken orduko toki aldaketak egin behar izaten ditugu batzuetan; une oro moldaketak egitea eskatzen du egoerak", dio Arrasateko Kultura teknikari Jon Garaik, eta zera gaineratu du Bergarako Udaleko Maider Osak: "Esango nuke jendea ohitu dela bete beharreko baldintzetara, eta lasai eta pozik datorrela kulturaz gozatzera. Egin beharreko moldaketak asko dira; horien artean, aurreko urteetan baino langile gehiago egon behar dugula ikuskizunaren unean".

Herritarrek asko estimatu dute aurten ere udako kultura eskaintza abiatu izana

Oñatiko Kultura zinegotzi Iñaki Olaldek dio herritarrek asko eskertu dutela eskaintza: "Agurtzeko moduagatik ere adierazten digute hori. Harrera oso ona izan dute orain artekoek, eta datozen ekitaldietako sarrerak ere ondo doaz; kanpoan inor ez geratzea lortu dugu, oraingoz". Aretxabaletako Udalak 7x7 ekimena antolatu zuen ekainerako, eta antzerki emanaldiak uztailerako. "Formatu txikikoak izan dira, haurrei eskainitakoak gehienak; gaur Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira. Herritarrek eskertu egiten dute, animoa igotzen laguntzen dutelako. Orokorrean neurriak ondo betetzen dituzte, baina batzuen atzetik ere ibili behar dugu. Gauzak antolatzeko gogoa dugu, baina modu bakarra neurriak beteta da", dio Kultura zinegotzi Ainhoa Caberok.

Hika Teatro taldeak Tonbola ikuskizuna egin zuen eguaztenean Aretxabaletan.

Artistak eta langileak, "pozik"

Zalantzan zegoen kultur sektorean udan lanerako aukerarik izango zuten, eta hala bazen zein baldintzatan; honela dio Ruper Ordorikak: "Itxialdian bi kontzertutarako proposamena jaso nuen, baina ezezkoa eman nien ez nuelako garbi ikusten; hala ere, egun batetik bestera aburua aldatu eta pentsatu nuen guk ere hasi beharko genukeela onartzen beste batzuek ekitaldiak antolatzen egiten duten ahalegina, eta taldekideekin komentatu eta gero, baiezkoa ematea erabaki genuen; hala, ekainaren 27an Soraluzen bakarka izan nintzen, eta taldearekin izango naiz gaur Gasteizko Printzipal antzokian eta bihar Antzuolan. Arduratuta joan nintzen Soraluzekora, baina taularen gainera igo orduko musikak hartu zuen bere tokia. Jendeari, publikoari, asko eskatzen zaiola uste dut bizi dugun giroan emanaldietara joateko orduan. Oso eskertuta gaude antolatzaileek eta zaleek egiten duten ahaleginagatik. Udan emanaldi batzuk ditut, baina musikarion kezka handiena da udazkenean zer gertatuko den; izan ere, gure zirkuituaren parte handi bat diren areto asko itxita daude".

Ekitaldiek edukiera mugatua dute eta gehienetan aurrez sarrera eskuratu beharra dago.

R. Sound soinu enpresa duen Iñigo Herrerosek, hainbat hilabetetan geldi egon ondoren, uztaila lanpetua du; Bergarako, Arrasateko eta Oñatiko hainbat emanalditako soinuaren ardura du bere lantaldeak. "Nahiko lanekin ari gara orain, eta alde horretatik pozik nago, baina arduratuta nago etorriko denarekin; izan ere, langileak ERTE-tik atera ditut eta datorrenak ez dauka itxura onik, abuztuan zortzi ekitaldi bakarrik ditut, eta irailean, momentuz, bi besterik ez. Musikariak ere hala topatu ditut, sentsazio gazi-gozoarekin: alde batetik, pozik, jotzeko aukera dutelako, baina, bestetik, oso triste, kultur arloan eskatzen diren segurtasun baldintzak askoz gogorragoak direlako. Publikoa lasai eta gustura ikusi dut, eta harritu egin naiz emanaldi askotan zenbat jende batu den ikusita. Berumugan, esaterako, izugarri".

"Kalitatezko eskaintza"

Bergarako Udalak Gaztelupeko Hotsaken laguntzarekin anto-latzen duen Espoloiko egubakoitz gauetako Berumuga musika zikloak urteroko zaleak eta berriak batu ditu.

Kulturaren mahaia sortu dute Bergaran herriko eragileekin, eta hala osatu dute egitaraua. "Agertoki berri batzuk eta hainbat ekitaldi atera dira handik; aberatsa izan da kultur mahaiaren ekarpena". Arrasaten ere toki berriak estreinatu dituzte: Usaetxe eta Jokin Zaitegi plazak. "Harrera ona izan dute agertoki berriek ere. Ekitaldiei dagokienez, lau bakarrik izan dira oraindik, baina inpresio onak ditugu, ia sarrera guztiak agortu dira". Gaur, dantza garaikidea emanaldia izango da Zaldibar frontoian eta Ibai-arte merkatari elkartearekin elkarlanean antolatutako Arrasate Blues jaialdia gaur eta bihar herriko txoko ezberdinetan.

Oñatin ere egitarauarekin asmatu dutelakoan daude. "Askotarikoa da eskaintza eta jasotako feedbacka ona da".

La Furia: "Arrasateko kontzertua, pertsonalki, oso berezia izango da niretzako"

Cascanten jaiotako musikaria Arrasaten bizi da; "gogotsu" dago berriz agertokira igotzeko. Uztailaren 22an Cordoba y Oro plazan izango da, 19:30ean.

Zer moduz zaude?

Kontzertuak egiteko deseatzen. Martxoaren 8an, nire amatasun etenaldiaren ondoren, Bruselako rap jaialdi batean abiatu genuen Pecadora. Vol1 diskoaren bira, baina bertan behera geratu ziren ondorengo emanaldi guztiak; hortaz, Arrasatekoa izango da itxialdiaren osteko lehenengoa.

Zuretako berezia dela diozu.

Bai, hala da. Arrasaten abestea oso gogoko dut betidanik; nire ustez, jendeak musika-kultura oso handia du, eta orain bertan bizi naiz; horregatik, ilusio handia egiten dit beste alor batzuetatik ezagutzen nauen jendearen aurrean ere abesteak. Kontzertu berezia eta pertsonala da niretzako.

Agertokian hiru lagun zarete. Zeintzuk dira besteak?

Bira honetan DJ berria dugu, DJ Lara Teman, eta Carla Montoto dantzaria da taldeko hirugarren kidea.

Zelako kontzertua egiteko asmoa duzue?

Oinarrian Pecadora. Vol1 lana aurkeztuko dugu, baina sorpresa batzuk ere izango dira; inon argitaratu bako kantu batzuk eskainiko ditugu, eta baita prestatzen ari naizen hurrengo diskoko aurrerapen bat ere.

Laster beste disko bat argitaratzeko asmoa duzu, hortaz?

Hasiera batean, datorren urtean ateratzea da asmoa; izan ere, Pecadora bi zatitan banatutako lana da. Iaz lehenengoa atera nuen eta bigarrena borobiltzen ari naiz orain.

Beste proiektu batzuk ere badituzu. Zeintzuk?

Ondo sentitzen naiz, eta gauza asko egiteko gogo handiarekin, eta, gehienen moduan, bizi dugun egoeragatik aukerak mugatuta ditudanez, irtenbide berriak bilatzen saiatzen ari naiz, inoren zain egon barik. Rap ikastaroak eskaintzen ditut, eta itxialdian online egin nituen hiru; arrakasta itzela izan zuten eta gehiago egiteko asmoz nago. Era berean, zaldiekin coaching lanetan jarduten duen lagun bat dut eta harekin proiektu berezi bat abiatzeko gogoz ere banago.

Udako agenda nola duzu?

Emanaldi askorik ez dugu, eta irailerako genituenak kolokan daude orain; azarorako bat edo beste lotuta dugu. Egoera zaila da, eta ikusteko dago datorrena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak