Zuzeneko kultur ekitaldien lehortearen ondoren, egarri hori freskatzeko ahalegina egin du Udalak, gaur aurkeztu duten Udazabal programari esker. "Maiatzean erabaki genuen, nola edo ahala, herritarrentzako kultur programa bat osatzea. Baldintza oso zorrotzekin hasi ginen lanean, eta ostean egoera leunduz joan da, baina lortu dugu kultur programa osatu bat aurkeztea" azaldu du Udaleko Kultura Saileko arduradun Jon Garaik.
Aurtengo berritasun nagusiena, funtzionamendua bera da. Ekitaldi guztietan 250 aulki jarriko dituzte, eta ikusleek eskuak garbitu beharko dituzte gunera sartu aurretik. Ikuskizuna ikustera joateko, ordea, beharrezkoa izango da aldez aurretik sarrerak eskuratzea Amaia Antzokian. Hauek doakoak izango dira, eta ordutegi honen barruan eskuratu ahalko dira: astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara. Herritar bakoitzak zenbat sarrera eskuratu ahalko dituen galdetuta, erantzun dute, ezin izango dituztela nahibeste hartu: "Sarrera kopuru mugatu bat eskuratu ahalko dute. Ez dugu zifra hori zehaztu, baina laster emango dugu horren berri".
Irudian ikus dezakezue aurtengo egitaraua:
Egitarau mamitsua
Hamaika ikuskizuneko egitaraua lotu dute Kultura Sailetik, non ia erdia musika ikuskizunak diren. Aurten, berritasun gisa, euskal eszenako puntako musikariak ekartzeaz gain, bertako musikari gazteei eurekin jotzeko aukera emango diete. Hala, adibidez, Idoia Asurmendi aramaioarrak Xabi Solaneren aurretik joko du, Leire Etxezarreta arrasatearrak Keu Agirretxearekin, Nhil taldeak Swingtronic-ekin eta Sergek Gari & Maldanberarekin. "Teloneroen figura ez dugu orain arte erabili, baina modu aproposa da bertako artisten talentua erakusteko" adierazi du kultur teknikari Karmelo Alberdik.
Musikaz gain, dantza eta antzerki ikuskizun interesgarriak ere daude egitarauan. Aipatzea, musika ikuskizun ia gehienak aste bitartean egingo direla –eguaztenetan, nagusiki– eta dantza eta antzerki ekitaldiak, aldiz, asteburuetan.
Kokapen berriak
Azken urteetako joerarekin jarraituz, kultur emankizunak herriko auzo eta gune berrietara zabaldu dituzte aurten ere. Guztira zortzi gune ezarri dituzte eta hauek dira aurtengo berritasunak: Usaetxe plaza, Jokin Zaitegi plaza, Santa Teresa eta Cordoba Y Oro plaza.