Hainbat ospakizunen lekuko izan dira zezen-festak Arrasaten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko eka. 20a, 18:00

Errekorteen erakustaldia 2019ko Arrasateko San Juan jaietan.

Sokamuturra eta ondoren zezen-plazan egiten den ikuskizuna ohiko bilakatu dira San Juan jaietan. Zezenek badute nolabaiteko indarra herritarrak erakartzeko. Ospakizunak eta zezen-festak lotuta egon dira historian zehar Arrasaten; baina, era berean, gaitzetsiak ere izan dira.

Izan goizean goiz jaikita, edo gaupasa eginda, herritar asko izaten dira zezen-plazara joaten direnak San Juan jaietan. Zezenak eta festak, baina, ez dira gaur egungo binomio. Ana Isabel Ugalde historialariak Zezen festak Arrasaten (XVI-XX. mendeak) liburuan azaltzen du XVI. mendean hasi zirela zezenak eta jaia elkarri lotuta aipatzen dokumentuetan. Ordutik hona izandako bilakaera handia da. Iraganean, edozein ospakizun garrantzitsutan agertzen ziren zezenak; egun, San Juan jaietako egitaraura mugatuta daude. 

Jaiegunak ospatzeko 

Historian zehar zezenketak desiratuak, onartuak, gaitzetsiak... izan dira.

Ospakizunen aitzakian egiten zituzten zezen festak: bai ospakizun erlijiosoak eta baita monarkiari lotutako ospakizunak ere –1527an, esaterako, zezenketak egin ziren Mondragoen, Felipe II.a jaio zelako–. 1767ko irailean, esaterako, errege bidearen obrak amaitzeagatik egin zituzten zezenketak, 12 zezen toreatzeko; urtebete lehenago, udaletxearen inaugurazioan, zezenak hil zituzten; Gorpuzti jaietan, Aratusteetan... egiten zituzten zezen festak. Historian zehar zezenketak desiratuak, onartuak, gaitzetsiak... izan dira. Mendeetan zehar ez dira falta izan debekurako joera erakutsi duten xedapenak. Moralitatean, begirunean eta segurtasunean oinarritutako xedapenak izan dira horiek.

Sustatzailea: Udala eta pribatua

1886an inauguratu zuten zezen-plaza, eta, urte batzuetan negozio oparoa izan bazen ere, 1906tik aurrera gainbehera bizi izan zuen eta 1912ko San Pedro eguneko zezenketaren ostean eraitsi egin zuten plaza.

Zezenketak antolatzeaz Udala arduratzen zen. Ugalderen liburuan irakur daitekeenez, 1680ko datuek erakusten dute Udalak herriko okela hornitzaile lanpostua enkantera ateratzen zuela, eta irabazlearen ardura izaten zela festetarako zezen bat ziurtatzea. Udalaren sustapena izatetik sustapen pribatua izatera pasa ziren urte gutxi batzuen buruan. 1885eko irailean, Ricardi Añibarrok, Arrasateko Zezenzale elkarteko presidenteak, idatzi bat igorri zion Udalari: zezen-plaza bat eraikitzeko asmoa azaltzen zuen gutunean. Zezenketak udal sustapena izatearen mugarria izan zen hori. 1886an inauguratu zuten zezen-plaza, eta, urte batzuetan negozio oparoa izan bazen ere, 1906tik aurrera gainbehera bizi izan zuen eta 1912ko San Pedro eguneko zezenketaren ostean eraitsi egin zuten plaza.

Azkeneko hamarkadetan: Bergarako Zezenak

Enpresa partikularrak arduratzen ziren zezenketak antolatzeaz, baina kalerik kaleko zezena antolatzeko ardura Udalarena zen: festa herrikoien sustatzaile zen Udala. Ohikoa izaten zen zekorrak jaregitea eta sokamuturraren bidez bazterrak alaitzea. Hala, azkeneko hamarkadetan ere Udala ibili izan da bai en-tzierroa eta baita errekorteen erakustaldia antolatzen ere.

Bergarako Zezenak taldearen laguntza izaten du horretan. "Arrasateko plaza ikusgarria da. Zezen munduan ezaguna ez izateko, jende asko joaten da eta giro izugarria egoten da. Arrasatekoa publiko beroa dela esango nuke", dio Iñigo Almorza Bergarako Zezenak ganadutegiko arduradunak. Bizi dugun osasun larrialdiak hala behartuta, aurten ez dira sanjuanetan izango: "Bergaran ez ginen egon eta Arrasaten eta Eskoriatzan ere ez gara egongo. Aurtengo uda horrela izango da, hego Euskal Herrian ez dugu ekitaldirik izango. Beharbada, iparralderago joateko aukera izango dugu". Nabarmendu nahi izan du euren egoera nahasia dela: "Kontuan hartu behar da atzetik ditugula 200 animalia eta horiek mantendu egin behar direla urte guztian zehar". Kalte ekonomikoa "handia" dela dio, eta horri gehitu behar zaiola eurengan sortzen den egonezina. "Iazko urritik ezer fakturatu barik gaude, Durangoko jaien ostetik. Gure denboraldia maiatzean hasten da eta urrira arte egiten dugun lanarekin irauten dugu urtea", gaineratu du. Hori guztia kontuan izanda ere, Almorza baikor dago: "Etorriko dira garai hobeak". Egoera berezi honetan, beste era batera bada ere, zerbait antolatu zitekeela uste du: "Kaleko entzierroan zaila da babes neurriak hartzea, baina plaza barruan har daitezkeela uste dut. 1.500 eserleku baldin badaude, mugatu eserleku kopurua 800era, adibidez".

Animalien eskubideen aldeko aldarria

Espezie guztien sufrimenduaren aurka daudela diote, baina bereziki animalien sufrimenduan zentratzen dira, "ahots gutxien dutenak" direlako.

Uluak Debagoiena Antiespezista taldea 2017ko udan hasi zen kontzientziak astintzen. Animalien eskubideen alde indibidualki lanean zebiltzan herritarrak elkartu, eta Aretxabaletan egin zuten lehenengo ekimena. Esperientzia txarra izan zen eta epaitegitan amaitu zuen. "Santamasetan izan ginen ondoren, eta sanjuanetarako erabaki genuen alternatiba bat eskaintzea. Ikusten genuen jendea joaten zela sokamuturrera parrandarekin jarraitzearren; hala, elektrotxaranga ipini genuen", dio Itsaso Alberdi taldekideak. Elektrotxarangak "izugarrizko arrakasta" izan zuela dio. Espezie guztien sufrimenduaren aurka daudela diote, baina bereziki animalien sufrimenduan zentratzen dira, "ahots gutxien dutenak" direlako. "Jaiak ospatzeko ez dago zertan animaliei sufrimendurik eragin", gaineratu du Alberdik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak