Liburua aurkeztu aurretik Ugaldek lan horren nondik norakoak azaldu zizkion Goienari:
Zezen festak aztertzen dira liburuan. Zer dira baina, zezen festak?
Zezenak protagonista dituzten festak, pertsonekin batera zezenak protagonista direnak. Gaur egun korridekin lotzen dugu baina bere garaian ez zen horrela. Sokamuturra, entzierroa, kalerik kaleko zezena eta egurrekin itxitako eremuetan egindako zaldi gaineko zezenketak daude dokumentatuta zezen festatzat.
Liburuan XVI. enetik XX. menderako tartea hartzen da. Lehenago ez al zegoen zezen festarik?
Ez dago daturik, baina Pirinioetako alde bietan zezen festak egiten ziren. Nik uste zezen festak orduko aberastasunarekin lotuta zeudela, abereak ziren orduan aberastasuna eta garaiko abereak zezenak eta behiak ziren. Zezen on bat izatea inportantea zen.
Nolakoak ziren zezen festak?
XVI. mendean oso datu gutxi dago, XVII. mendekoetan askotan aipatzen da parajeren bat itxi eta zezenketak egiten zirela. Banderila jartzen zitzaien, aurrez aurreko borroka hori zegoen, lantzak erabiltzen zituzten, zezenaren gainetik salto egiten zuten makila batekin… Hala ere, zezen denak ez ziren akabatzen eta akabatzen zirenak okel modura jaten ziren.
Arrasaten zaletasunik bazen?
Zaletasun handia zegoen Euskal Herriko edozein herritan. Lehen ez zegoen jai onik zezen festarik gabe, dantza, zezen festak eta pilota egoten ziren.
Plazan udaletxea baino lehen eraiki zuten zezen plaza.
Zezen plaza egin zuten Barroko denboran, 1886an. Aurretik jartzen ziren harmailak-eta harresiz kanpo baina han borrokak sortzen ziren. Zeharka, dokumentuek diote barruan egindako zezen plaza kontrolagarriagoa zela.
1954an herrian egindako zezenketa zergatik izan zen berezia?
Zoro-zoro sortutako zerbait izan zen. Hiru torero izan ziren: Juan Juarez El Andaluz, ezezaguna zaigun Eskoriatzako trenbideetako langile bat eta Luis Bengoa Luisito. Oraindik gerraoste gogorra zen, eta beharrezko arroparik eta materialik ez zuten. Hala ere, herri guztia joan zen haiek ikustera.
Hemen egindako azken zezenketa, haren omenez egin zen.
Azkena 1988an izan zen eta zezenketen aurkakoen erantzuna egon omen zen. Jai programako iragarpenean zezen festa 54koaren omenez egiten zutela zioen.
Egungo lanera itzulita, erakusketan liburuko testuak daude?
Testu laburrak daude. Eskatu zidaten sarrera moduko bat egiteko, liburuan idatzitakotik orri eskas bat sartu nuen hizkuntza bakoitzean. Izenburuak izango dituzte argazkiek.