2019a amaitu aurretik sortu zen Assata taldea eta zazpi kantuz osatutako Dantzatu, madarikatuok! lana grabatu zuten Shot! estudio berrituan. Zapalkuntza, egolatria eta ikuskizunaren jendartea jo puntuan dituzten abestiek osatu zuten taldearen lehen lana, eta ordutik, hainbat emanaldi eskaini dituzte, koronabirusak guztia bertan behera uztera behartu zituen arte. Assatako kide Arkaitz Biainek azaldu duenez, talde gisa ez dute entseguak-eta egiteko aukerarik izan, baina aipatu du "pribilegiatuak" izan direla inguru hurbilean eta pertsonalki osasun arazorik eduki ez dutelako.
Kontzertuak, bertan behera
Biainek azaldu du abenduan Ahotsenean egindako kontzertuaren osteko lehen mugarria otsailean Arrasaten egindako lehen kontzertua izan zela. Taldeak hainbat kontzertu zituen lotuta martxorako zein apirilerako, baina guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Aipatutako epealdian, gainera, taldearen asmoen artean zegoen beste proiektu bat aurrera eramatea, baina hura ere atzeratu egin behar izan dute. Udara begira taldeak lotuta zituen emanaldiak, momentuz, bertan behera geratu direla aitortu du Biainek.
Taldearen gaur egungo egoeraren harira, Biainek adierazi du "irrikan" daudela entseatzera bueltatzeko. Gainera, aste honetan bertan eman dute baimena Uarkapeko lokaletara entseatzera joateko. Horrekin batera, joan den asteburuan, zapatuan, hain zuzen, Shot! estudioan izan ziren Assata taldeko kideak, martxo bukaeran egiteko asmoa zuten proiektu bat lantzeko: "Oraindik forma ematen gabiltza, baina epe laburrean partekatzeko moduan izatea espero dugu".
Konfinamendu garaia
Koronabirusak Assata taldearen emanaldiak bertan behera utzi bazituen ere, taldeak lanean jarraitu du: "Epe honetan, abestien lanketa egiteko aukera izan dugu. Egubakoitz gauero Internet bitartez elkartu gara sormen lanean jarraitzeko; ondoren, bakoitzak aukera izan duenean bere kabuz zati propioak eta bestelako ideiak landu ditu, berriz egubakoitzetan konektatu eta guztion artean aztertu, moldatu eta hobetzeko". Horrekin batera, Biainek aitortu du maiatzerako etxean grabatutako zortzi abestiko maketa bat egin dutela, eta ideiak lantzen jarraitzen dutela: "Kontzertuetarako abestiak izateaz gainera, hurrengo lan baterako abesti posibleak dira hauek, eta baita momentu honetan lantzen ari garenak ere". Konfinamendu garaian, Assata taldekoek ez dute etxetik aurrera eraman diren kultura ekimenetan parte hartu, nahiz eta sortzaile eta kulturgileek sinatutako manifestuan eta egindako sareko 48 orduko etenean parte hartu duten.
Anger taldea
Bestalde, duela hogei urte grabatu zuen Anger taldeak bost abestiz osatutako maketa. Aitor Lopezek, Arkaitz Biainek, Ekain Zubizarretak, Beñat Unzuek eta Alberto Rodriguezek osatu zuten 1997an, eta Biainek oroitzapen politak dituela adierazi du: "Gaztetxoak ginen eta taldearekin bizpahiru urte generamatzan, zenbait kontzertu emanda, lokalean garai hartako kaseteetan grabatutako abestiekin, eta jauzi garrantzitsua zen gure lehen maketaren grabaketa profesionala. Ordu asko sartu genituen garai hartako Musakolako lokalean grabaketa prestatzen, oso modu intentsuan bizi genuen".