Ekainaren 15ean irekiko ditu ateak Arrasateko kiroldegiak, gune lehorreko atal batzuekin

Xabi Gorostidi 2020ko eka. 8a, 17:19

Aitziber Muñoz kirol teknikaria eta Ander Garay Kirol zinegotzia, kanpoaldeko igerilekuan. (Argazkia: Txomin Madina).

Gune hezea eta kanpoko igerilekua uztaileko lehen astean irekiko dituzte. Segurtasun neurri zorrotzekin berrartuko du aktibitatea Kiroldegiak, eta besteak beste, abonatuak soilik sartu ahalko dira –aurrez txanda hartuta– eta ezingo izango dira aldagelak erabili. Kanpoko igerilekuan kasuan, lau ordutegi txanda ezarriko dituzte –bi ordukoak–, eta gehienez 250 lagun sartu ahalko dira. 

"COVID-19aren egoerak behartzen gaitu kirol instalakuntzetan hainbat neurri hartzera, bai alde lehorrean eta baita hezean ere. Higiene eta segurtasun neurri guztiak bermatzeko lanean dihardu Udalak. Herritarren segurtasuna bermatzea da lehentasuna" azaldu du Ander Garay Kirol zinegotziak.

Esan bezala, jende kopuruak kontrolatzeko asmoz, abonatuak soilik sartu ahalko dira, eta eta ez dute eguneko sarrerarik salduko. Joaten diren abonatuek aldez aurreko hitzordua hartu beharko dute, beti; telefonoz edo webgunearen bitartez egin ahalko dira erreserbak, asko jota 48 ordu lehenago, eta gutxi jota bi ordu lehenago. 

Hauek izango dira ekainaren 15etik aurrera alde lehorrean erabilgarri egongo diren instalazioak: tenis pistak, frontoiak, padel kantxak eta kardio makinen gimnasioa. Tenis kantxetan eta frontoian bi lagun aritu ahal dira aldi berean, eta padel pistatan, aldiz, lau. Kardio makinen gimnasioan erabiltzaileek makina zehatz bat erreserbatu beharko dute eta derrigorrezkoa izango da eskuoihala eramatea, eta makina erabili ostean hura desinfektatzeko bost minutu erabiltzea. Iraupenari dagokionez, lehorreko aktibitate guztietan, asko jota, ordubeteko saioak egin ahalko dira. 

Kardio makinen gimnasioa, erabilera anitzeko kantxa batera lekualdatuta. 

Azkenik, ohar sorta hau eduki beharko dute kontuan erabiltzaileek: erabiltzaile eta erabiltzaile artean gutxienez bi metroko distantzia egotea; ahal dela igogailua ez erabiltzea; eta aldagelak, takilak, iturriak eta janari makinak ez direla erabilgarri egongo.  

Alde hezea, uztaileko lehen astean

kanpoko igerilekua uztaileko lehen astean zabalduko dute, baina baldintza berezietan. Hemen ere ez da eguneko sarrerarik salduko eta soilik abonatuek erabiliko dute. Gehienez 250 lagun sartuko dira, aldez aurretik txanda hartuta: asko jota, 48 ordu lehenago; eta, beranduenez, bost ordu lehenago. 24 orduko lehenago hitzordua baliogabetzeko aukera izango da; ostean, ez.

Txanda sistema bat ezarri dute, eta asko jota, bi orduko egonaldiak izango dira. 

  • 09:30-10:30: Soilik igeri egiteko txanda izango da, beraz, ezin izango eguzkirik hartu. Erabiltzaileek ordu erdiko ekinaldia egin ahal izango dute, eta asko jota, hamasei lagun arituko dira aldi berean. 
  • 11:00-13:00: Eguzkia hartzeko eta igeri egiteko.
  • 13:30-15:30: Eguzkia hartzeko eta igeri egiteko.
  • 16:00-18:00: Eguzkia hartzeko eta igeri egiteko.
  • 18:30-20:30: Eguzkia hartzeko eta igeri egiteko.

Eguzkia hartzeko eta igeri egiteko txandetan aldagelak, takilak eta kioskoa ez dira erabilgarri egongo, eta txanda amaitu baino hamar minutu lehenago igeri egiteari utzi beharko diote erabiltzaileek. Txandek irauten duten artean ezin izango da kiroldegitik irten eta berriz sartu.

Gune berdean ezingo da korrikan, baloian, pilotan, paletan, ur-puxiketan edo antzeko jolasetan aritu eta 2006 urtetik aurrera jaiotakoak heldu batekin sartu beharko dira instalazioetara. Txapoteo igerilekuaren erabilera 6 urtetik beherako umeentzako mugatuko da, eta ez da gomendatzen haurren aulkiak instalaziora sartzea.

Kirol zinegotzi Ander Garayk "arduratsu izateko" deia egin die balizko erabiltzaileei: "Jakitun gara egoera ez ohiko baten aurrean gaudela eta horregatik herritarren kolaborazioa ezinbestekoa da, ahal den heinean kirol instalakuntzetan guztiok goza dezagun, eta behin- behineko egoera honi guztion artean aurre eginda, eta norbanakoaren ardura eta konpromisoarekin, uda honetako egoerari era positiboan aurre eginaz".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak