70 egun baino gehiago igaro dira Arrasateko Zaintza Sare Herritarra abiatu zutenetik, eta ohar bidez adierazi dutenaren arabera, hainbat aldaketa egongo dira hemendik aurrera: "Herritarren premiak aldatuz joan direla antzeman dugu eta beharrezkoa ikusten dugu gure zerbitzuak birmoldatzea".
Psikologia zerbitzua etetea izango da aldaketetako bat; azaldu dutenez, azken asteetan –zerbitzuen irekierarekin batera– languntza eskaerek behera egin baitute. Halere, sareko psikologo boluntario taldea ez dela desegingo ohartarazi dute: "Agitu nahi dugu Zaintza Sare Herritarraren baitan jositako psikologoen sarea ez dela desegingo eta etorkizunean sor daitezkeen herritarren beharretan ere elkar zaintzeko gertu egongo garela, ezinbestekoa deritzogulako pertsonak eta bizitzak erdigunean jartzea". Horrekin lotuta, osasun profesionalen "lan-baldintza prekarioak" salatu nahi izan dituzte, eta baita osasun sistema publikoan eta erakundeetan "azaleratu diren gabeziak": "Gainera, aldarrikatu nahi dugu pertsonen osasun integrala aintzat hartuko duten zerbitzu publikoak bermatzea herritarrei, osasun mentaleko profesionalen lana balioan jarriko dutenak".
Erosketa –eta zabor– zerbitzuan ere moldaketak egin dituzte, ez baitago eskaera berririk; dena den, oraindik hutsuneak ere badaudela zehaztu dute: "Argi dago oraindik ere herritarrek erakunde eta instituzio publikoek betetzen edo asetzen ez dituzten beharrak dituztela, horren erakusle dira Zaintza Sare Herritarreko bolondresek familia hauekin egiten diharduten jarraipena". Hemendik aurrera, boluntarioek elikagai bankua "indartzen" eta Caritas Bidean proiektuko kideekin mintza praktika saioak egiten jarraituko dute. "Bolondres talde batek harreman zuzena egin du bertako erabiltzaileekin eta mintza praktika saioak egiten dabiltza maiztasun desberdinekin", azaldu dute. Elikagai bankuari dagokionez, aste honetan abiatu da berriz, eta Zaintza Sarea Caritas, Harreman eta Udalarekin elkarlanean ari da bankuaren kudeaketan eta banaketan.
Hezkuntzan laguntzeko beharra
Haurren zaintza eta etxerako lanekin laguntzeko zerbitzua eskaini zutenean, eskaera gutxi jaso zituztela onartu duten arren, eskaerak igo egin direla azaldu dute Zaintza Sareko boluntarioek; batez ere, etxerako lanekin laguntzeko beharra egon dela azpimarratu dute. Hala, boluntario berriak lortzeko deialdia ere egin zuten: "Argi ikusi dugu hezkuntza sistema birpentsatzeko garaia iritsi dela. Izan ere, asko dira arrazoi ezberdinengatik hezkuntza sistema honetatik kanpo gelditzen ari diren haur eta nerabeak".
Arrasateko Apunte Bankua sortu zuten herriko ikastetxe ezberdinetako apunteak elkarbanatzeko, eta bide horretatik jarraitu nahi dutela azaldu dute: "Konfinamendu garaian aritu garen moduan, jarrai dezagun komunitateetan antolatzen, kalean borrokan eta elkar zaintzen. Datorrenari elkarrekin erantzun behar diogu, inor atzean utzi gabe".
Ildo horretatik, sareko kideek beharrezkotzat jo dute bizitza eta zaintza "erdigunean" jarriko dituen sistema baten alde egitea: "Krisi honi erantzun diogun moduan jarraitu behar dugu aurrerantzean ere: bizitza modu kolektiboan sostengatzen eta erakundeei beraien lana egin dezaten interpelatzen".