Grupo San Juaneko arkupe eta terraza zati bat kentzeko tramiteak hasi ditu Udalak

Xabi Gorostidi 2020ko eka. 5a, 12:13

Ekobulebarraren baitan, Garibaitik Alfontso X Jakintsua plazara sartzeko dauden terraza eta arkupea kendu nahi dituzte, gune "irekiagoa eta seguruagoa" izateko. Terrazara sarbidea dutenei 1.500 euro eskaini dizkie Udalak eremu horrekiko izan ditzaketen eskubideen truke, baina horren jabetzarekiko ikuspuntu ezberdinak daude: plazako bizilagunek diote eremuaren "jabetza komunitarioa" dela; Udalak, aldiz, publikoa –katastroaren arabera–.

San Andres eta Musakola auzoak bidegorriz lotzeaz gain, Grupo San Juan auzoa "eraldatuko" zuen proiektua zela azaldu zuten Gobernutik, 2017an. Bertako hainbat gune oinezkoentzat bihurtzeaz gain, Garibai kaletik Alfontso X Jakintsua plazara sartzeko terraza eta arkupe zatia –Grupo San Juan hitzak dituena– kendu nahi dituzte, gune "seguruago eta irekiagoa" izan dadin.

"Genero ikuspegia aintzat hartuz, herriko gune ilunetako bat da. Hori lehenbailehen konpondu behar da, emakume asko bertatik beldurtuta igarotzen direlako" azaldu dute Udal iturriek. GOIENArekin harremanetan jarri diren auzokideek diote ez dutela eremu hori kentzerik nahi, eta neurri legalak hartzea aztertzen dabiltzala. Genero ikuspegiaren argudioari buruz zera gehitu dute. "Hori kontuan hartzea ondo dago. Baina arazoa hori bada, plazan badaude sarbide hori baino leku ilunagoak; izkinak, adibidez. Eta horiek seguruago bihurtzeko ez da ezer aipatzen". 

Jabetzaren inguruko zalantzak

Udaleko Hirigintza Sailak tramiteak hasi ditu aipatutako esku hartzea egiteko. Hala, terrazara sarbidea duten bi lagunei –plazako 1. eta 8. atarteetako lehen solairuko bizilagunei– hitzarmen zirriborroa helarazi diete. Besteak beste, bakoitzari 1.500 euro eskaini dizkiote terrazarekin lotuta izan ditzaketen eskubideen truke. Terraza kenduz gero, 1. zenbakidun atartekoek jarri nahi duten igogailua eremu horretan kokatu ahalko zela ere jasotzen du dokumentuak. 

Terrazak 70 metro koadro ditu, eta aipatutako bi lagun horien terraza pribatuen artean dago. Horren gozamen-eskubidea norena den ez dago argi, eta jabetzari buruz ikuspegi ezberdinak daude.

Auzoko bizilagun batzuk GOIENArekin harremanetan jarri dira. Eurek diote terraza eta arkupe horren jabetza ez dela bi lagun horiena, "komunitarioa" baizik. "Terrazara sarbidea bi lagun horien etxetik egin behar da, baina jabetza komunitarioa da". Froga gisa, jakinarazi dute duela lau urte arkupean konponketa lan batzuk egin zirela, "50.000 eurotik gorakoak", eta plazako atarte guztien artean ordaindu zituztela, "Udaletik jabetza komunitarioa" zuela esan ostean.

Udalak dio katastroaren arabera jabego publikoa duela kendu nahi den arkupe zatiaren zoruak. Azaldu du duela lau urteko konponketa horiek plaza osoko arkupeko hainbat gunetan egin zirela, eta, auzokideekin eskriturak irakurri eta gero, plazako atarte guztien artean ordaintzea adostu zutela.

Auzokideek diote hori ez zela adostua izan. "Eskutitz bat helarazi ziguten Udaletik ordainketa denon artean egin behar zela esanez. Ez hori bakarrik, ezarritako zifra ordaindu ezean, horri zegozkion errekarguak aplikatuko zizkiotela jakinarazi ziguten eskutitzean".   

Erlazionatuak

Arkua eta terraza, eztabaida iturri

Eneko Azurmendi 2020 urr 02 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak