Arkua eta terraza, eztabaida iturri

Eneko Azurmendi 2020ko urr. 2a, 13:29

San Juan etxe-multzoko arkua eta terraza.

Ekobulebar-aren proiektuaren baitan, Grupo San Juaneko terraza eta arkupea, Garibaitik Alfontso X Jakintsua plazarako sarreran daudenak, kendu egin gura ditu Udalak, besteak beste, baina "sortu diren eztabaidak" direla-eta, "zain" dagoela adierazi du. Etxe-multzoko bizilagun batzuk, ordea, ez daude ados arkua eta terrazak eraistearekin.

Bi aukera ikusten ditu Arrasateko Udalak: "Datorren urte hasieran hasiko diren Ekobulebar-eko obraren atal bat moduan Alfontso X plazaren urbanizazio proiektua aurrera eraman, edo plazaren birgaitzea bertan behera utzi eta aurrerago proiektu berri bat egin. Azken hitza bizilagunena da".

Etxe-multzoko bizilagun batzuk, ordea, ez daude ados arkua eta terrazak eraistearekin, "plan orokorrean jasota dagoelako babestu egin behar dela" eta historikoki ere "bere garrantzia" duelako. "Gu aintzat hartu gabe egin dute proiektua. Gainera, diote onartu ezean proiektutik kanpo geratuko dela Grupo San Juan. Hau da, esan ziguten gure oniritzi gabe ez zutela proiektuarekin aurrera egingo, baina, era berean, proiektua aldatzeko aukerarik ez ziguten eman. Bestalde, gurekin bildu eta bi egunera esleitu zuten proiektua. Non dago gure iritzia hor?", aldarrikatu dute.

"Udal Gobernuak jarrera aldatzen badu eta gu apur bat aintzat hartu", gauzak beste era batera egin daitezkeela uste dute. "Azken finean, guk ez dugu konfrontaziorik nahi, baizik eta gure auzoan onurak jaso, Udal Gobernuarekin elkarlanean", diote.

Horrez gain, Alfontso X Jakintsua plazako zuhaitzak daudenetan mantentzea gura dute, "auzoan dagoen zona berde bakarra delako hori". Beste alde batetik, auzoko estolderia konpontzea eskatzen dute auzotarrek. "Erantzuna izan zen, haien proiektua dagoenetan onartuz gero, aztertuko zutela estolderia konpontzeko aukera".

Sinadura bilketa abiatu dute

Halaber, sinadura bilketa bat jarri dute martxan. "Galdera da: Proiektuarekin, dagoen moduan egonda, ados zaude edo ez?". Modu horretan, atarteetan sinadurak jasotzen ari dira. Atzo, eguena, ilunkeran egin zuten bilera bizilagunek, eta sinadura bilketa udaletxean aurkeztuko dute, BAZen sarrera emanda. "Ikusiko dugu ze feedback jasotzen dugun eta aurrerantzean ze pauso emango ditugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak